Elikadura sistemari eta nekazaritza ekoizpen iraunkorrari buruzko jardunaldia antolatu du Etxaldek Leitzan ostegunerako

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 26a, 12:00
Gotzone Sestorain Leitzako nekazaria eta Etxalde baserritar mugimenduko kidea. Argazkia: Mikel Olabide Zuza.

Goiz osoko egitaraua prestatu dute Leitzako Herri Aretoan. Hizlari guztiak Etxaldeko kideak izanen dira. 

Elikadura sistema eta nekazaritza ekoizpen iraunkorra dute begiz joa, eta horri heldu nahi dio hurrengo hamarkadan Etxalde nekazaritza iraunkorraren eta elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduak. Bide horretan, udalaren laguntzarekin, hitzaldiz, mahai-inguruz eta eztabaidaz hornitutako jardunaldia antolatu du  Etxaldek Leitzan. Ostegun honetan, urriaren 28an, izanen da eta goiz osoko egitaraua prestatu dute Herri Aretoan. Hizlari guztiak Etxaldeko kideak izanen dira. 

Egitaraua

  • 10:30ean, Gotzone Sestorain herritarrak ongietorria eginen du eta txostena aurkeztuko du, zergatiak eta helburuak azalduz. 
  • 10:45ean Mikel Hiribarren laborariak testuinguru orokorra azalduko du: nazioartea, Euskal Herrian, Covid-19a, elikadura sistemak, nekazaritza... 
  • 11:05ean Bizkaiko EHNEko  Andoni Gartziak hartuko du hitza eta Europako Batzordearen proposamena, Baserritik mahaira estrategia eta NPB dirulaguntzak Europa eta Euskal Herrian nola dauden kontatuko du. 
  • 11:25ean Amets Ladislaoren txanda izanen da eta Baserriratze prozesuak lehentasunezko helburua, eta elikadura politika publikoen ardatz egituratzaile gisa gaiaren bueltan ariko da. 
  • 11:45ean publikoak hartuko du hitza eta 12:15ean atsedenaldia eginen dute. 
  • 12:30eko mahai-inguruarekin berrartuko dute saioa, Gotzone Sestorain moderatzaile dutela. Lau hizlarik parte hartuko dute mahai- inguruan eta horietako bakoitzak 20 minutuko tartea izanen du. 
    • Miriam Otxotorena NPEK-eko lehendakaria, esaterako, 2030 urterako lurren % 25 ekoizpen ekologikokoa izateko, plagizida eta antibiotikoen erabilera % 50 murrizteko eta ongarri kimikoak % 20 gutxiago izateko erronkari begira jarriko da. 
    • Alberto Llona EHNEko teknikariak, berriz, Abeltzantza eta ekoizpen eraldaketak, Europako herrialdeetako tendentziak, merkaturatzea eta kontsumoa izanen du hizpide.
    • Esti Besa ardo ekoizleak ardogintzaren ibilbidean oinarrituta, jatorrizko izendurez, kalitate politikez, lehentasunezko merkaturatze estrategiez eta barne merkatua egonkortzeaz hitz eginen du. 
    • ELB sindikatuko Panpi Sant Marik, azkenik,  borroka eta aldarrikapenak ekarriko ditu erdigunera: Borroka eta aldarrikapena ezinbesteko osagaiak oinarrizko baliabideak bermatzeko, herritargoarekin konplizitateak eraikitzearen garrantzia izanen du hizpide. Horretarako, ahateen afera eta nekazaritza lurren defentsa izanen ditu abiapuntu.
  • Mahai-inguruaren ondoren, 13:50ean eztabaida irekia eginen dute publikoaren eta mahaikideen artean. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun