Goizuetako Udalak duela aste batzuk iragarri zuen udal taldean zinegotzi aldaketa izanen dutela eta gaur izanen da aldaketa hori. Orain arte zinegotzi izan den Igaratza Apezetxeak, arrazoi pertsonalak tarteko, kargua utziko du, eta Igor Elizegik hartuko du bere lekukoa, duela bi urteko udal hauteskundeetara EH Bilduren zerrendan hurrengoa zenak.
Gaur 19:00etan eginen duten batzarrean hartuko du Elizegik kargua eta Apezetxeak orain arte izan duen arloaz arduratuko da, kulturaz. Elizegik «gogotsu» dagoela adierazi dio TTIPI-TTAPAri eta bere hitzetan, «udalean dagoen lan politenetariko bat izanen da kulturakoa». Dena den, herrigintza ez da kontu berria beretzat, «beti ibili gara batean eta bestean gauzak antolatzen». Horren seinale da egindako bidea. Gazte Asanbladan ibilia da, Guraso Elkarteko eta Umore Ona elkartetako zuzendaritzatan ere bai, eta azkenaldian pilota eskolan dabil.
Goizuetako Udalak ongi etorria egin nahi izan dio, eta Apezetxeari, berriz, eskerrak eman dizkio, bere «ekarpenagatik eta lanagatik».