Uholde arriskuari aurre egiteko plana aurkeztuko du Leitzako Udalak asteartean

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 25a, 14:30
2011ko azaroaren 6an Leitzan hartutako irudia.

Life Nadapta Europako proiektuaren barne, bihar, asteartean, Leitzako Herri Aretoan uholde arriskuari aurre egiteko planaren aurkezpena eginen dute. 18:00etan hasita, Mikel Zabaleta Leitzako alkatearekin batera, Nafarroako Gobernuko hainbat teknikarik hartuko dute hitza. Helburua uholde kasuetan «kudeaketa hobetzeko moduari buruzko ezagutza handitzea» da, «herritarren eta komunitatearen babesa sustatzeko eta arrisku eta mehatxuei aurre egiteko».

18:00etan hasiko da aurkezpen saioa. Ordu horretan Mikel Zabaleta alkateak ongietorria eginen du eta segidan Pedro Zuazo Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko buruak hitz eginen du. Bere ondoren, Amaya Ruiz Uholdeen aurkako eta Ibai Inguruneko Jarduketen Bulegoko buruak Life Nadapta proiektua aurkeztuko du.

Segidan, Leitzako uholde arriskuari aurre egiteko plana aurkeztuko dute Mikel Zabaleta Leitzako alkateak eta Javier Loizu NIK Nafarroako Ingurumen Kudeaketako uraren alorreko kideak . Eta ekitaldia borobiltzeko Jose Javier Boulandier Nafarroako Gobernuko Babes Zibil eta Larrialdi Zerbitzuetako zuzendariak hartuko du hitza.

Leitzarrei eta Leitzako entitate publikoetako, gizarte eta ingurumen erakundeetako, tokiko garapen elkarteetako, kirol elkarteetako, enpresetako, partzuergoetako, nekazaritzako sindikatuetako kideei eta interesa izan dezakeen pertsona orori egin diete biharko aurkezpenera joateko deia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun