Aurrera Pilota Eskolako batzordekideak

«Pilota eskola auzolanari esker doa aurrera»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 24a, 10:00

Aurrera pilota eskolako batzordeko kideak eta auzolanean parte hartzen duten zenbait lagun.

Gakoa «auzolana eta elkarlana» dela sinetsita daude, eta bide horretan «pilotarako zaletasuna zabaltzen» segitu nahi dute Aurrera pilota eskolan, neska- mutikoei «kirola eginez disfrutatzeko» eta «lagunekin ongi pasatzeko» aukera emanez.

Pilota eskola osasuntsu, indartsu eta lanerako gogotsu ikusten dute eta datuak dira horren erakusle, «gero eta pilotari gehiago» baitira, ikasturte honetan 82 neska-mutiko zehazki, «denak esku-pilotan». Horren atzean, pilota batzordea osatzen duten bost kideren lan nekaezina dago: Gari Gartzia, Aitziber Rodriguez, Juan Mari Ugartemendia, Joseba Sagastibeltza eta Lierni Sagastibeltza. 

Noiztik ari zarete pilota batzordean?

Joseba eta Lierni duela bost urte hasi ziren, Gari eta Juan Mari duela bi urte eta Aitziber aurten sartu da. Duela bost urte, pilota eskolaren kudeaketaz arduratzen ziren Luis Lizartza eta Xabi Jaunarena entrenatzaileek eta Txope gurasoak bilera bat antolatu zuten eta aurrera jarraitzeko laguntza eskatu zieten pilota eskolan izena emanda zeuden neska-mutiko guztien gurasoei. Orduan gure semeak pilota eskolan hasi berriak zirenez, laguntzea erabaki genuen. Bost kide sartu ginen: Junkal Otxotorena, Karlos Zabaleta, Jabi Lizartza, Joseba Sagastibeltza eta Lierni Sagastibeltza.

Zein dira batzordekideen lanak?

Gari diruzaina da, Lierni babesleen kontratuez eta ekipamenduaz arduratzen da, Joseba ordezkaria da eta partidak antolatzeaz, karteldegiak prestatzeaz, pilotak eskatzeaz, pilota eskolen eta entitateen arteko harremanak kudeatzeaz... arduratzen da. Egunerokoan beste hainbat lan daude eta bakoitzaren aukeraren arabera banatzen ditugu: dokumentuak inprimatu, karteldegiak jarri, jaialdiak antolatu, asteburuetako auzolanean parte hartu...

Ardura handiko lana da?

Bai, ardura dezente eskatzen du, baina gustura eta gogoz egiten dugun lana da. Azken finean, gure neska-mutikoentzako egiten dugun lana da, kirolaz disfrutatu eta ongi pasa dezaten, eta bide batez, herriari bizia emateko ere bai.

Jendeak baloratzen du?

Leku guztietan bezala, batzuk gehiago eta besteek gutxiago. 

«Gaur egun pilota eskola oso egoera onean dago» 

AURRERA Pilota Eskolako batzordea

Baditu urte batzuk pilota eskolak...

Gu txikiak ginela pilotalekuan entrenamenduetan eta pilotan jokatzen ibiltzen zirela ikusten genuen, baina ez dakigu noiz sortua den. Garai hartan, gure adineko mutikoak joaten ziren pilotan aritzera, neskarik ez. Ondoren, lauko neska talde bat pilotan hasi zen, baina palan. Mutil kopurua handiagoa zen, baina neskak beraien tartea hartzen hasi ziren.

Geroztik nolako ibilbidea egin du?

2007, 2008 eta 2009 urteak oso politak eta garrantzitsuak izan ziren herriarentzat. 2007an herriarteko txapelketan eta Euskal Herriko txapelketan txapela lortu zuen Aurrerak. 2008an herriko bi pilotari profesionalek buruz buruko finala jokatu zuten eta horren harira, herrian 2.600 kamiseta saldu ziren... Oso giro polita sortu zen eta momentu bereziak izan ziren. 2009an, berriz, Nafarroako txapelketan txapeldunorde izan ginen. Garai hartan, Leitzakoa ez zen jendea ere etortzen zen bertara entrenatzera eta pilota eskolako pilotariek, orain bezala, hainbat txapelketetan parte hartzen zuten, txapelketa pribatuetan eta publikoetan: Berria, Elgeta, Antiguo, Diario Vasco, Leitza... Leitzako txapelketaren finala zen egunean Euskal Telebista grabatzera etortzen zen eta ondoren telebistan hiru minutu ematen zuten. Gaur egun profesionalak diren zenbait pilotari ere etortzen dira Leitzako txapelketan jokatzera. 

Pilotari kopuruak nolako bilakaera izan du?

Azken urteotan, pilotari kopurua haziz doa. Eremu eta ordutegi mugatuak ditugu eta pilota eskolan 82 neska-mutiko ditugu. Aurten bost senior izanen ditugu astero entrenatzen eta asteburuetan lehian, azken urteetan izan ez duguna. Askoz gorago joaterik ez dugu izanen. Pilotaleku berri bat eskatu beharko dugu... [Kar, kar, kar].

Aurrera pilota eskolako pilotariak entrenamenduetan.

Zer dago zenbaki horien atzean?

Gakoa hainbat aukera eskaintzea dela uste dugu, bakoitzari gehien gustatzen zaiona aukeratzeko bidea ematea. Hori Larraun, Araxes, Umore Ona eta Aurrera pilota eskolek osatzen dugun Mendialdeko elkartean elkarlanean hasteak ekarri digu. Urtean zehar gure pilotarientzako banakako eta binakako txapelketak antolatzen ditugu. Lagunarteko partidak ere jartzen dizkiegu eta kadeteen mailatik gorakoentzat entrenamendu partekatuak egiten ditugu. Elkarte txikiak elkartuta handi egiten gara eta elkarlan hau gure ildo nagusia dela sinetsita gaude. Ia denean elkarte bakarra bagina bezala ari gara. Hori eskualdeko pilotarientzat garrantzitsua da. 

Leitzako pilota eskolatik goi mailako pilotariak atera izan dira...

Bai, eta asko. Sekretua pilotarako izan duten afizioa eta grina da. Afizioak lana eta esfortzua eskatzen du. Beraien lehentasun ia bakarra pilota izan da, eta horri berezkoa gehitu behar zaio, pilotarako izan den inguruko giroarekin elkar elikatu dena.

Nolako harremana du Leitzak pilotarekin?

Harreman polita du. Ezin esan orain urte batzuk adinakoa denik, baina gizartea aldatzen doa eta ohiturak ere bai. Orain kirol gehiago ezagutzen ditugu eta afizioa banatuagoa dago.

Garai txarrik izan du?

Gizarteko arlo guztietan bezala, ziklo onak eta ez hain onak tartekatzen dira. Bere ibilbidean garai on asko izan ditu pilota eskolak, garai txarrak baino askoz gehiago. Oinarrian lan egiteko gogoa eta taldea dagoenean, indarra hartzen da eta, aldiz, gogoa eta lana jaisten hasten direnean, garai ez hain onak iristen dira. Auzolanean antolatu eta aurrera ateratzen diren ekintzetan parte hartzea da garrantzitsuena. Gakoa auzolana eta elkarlana da. Momentu honetan, osasunez, kopuruz eta gogoz oso ongi gaude eta hori nabari da.

Gaur egun zein da egoera?

Egoera oso ona da eta bide horri jarraitu behar diogu. 82 neska-mutiko dira, eta horien artean 20 neska, gero eta gehiago. Nahiz eta gehiengoak ez duen lehiatu nahi, badute afizioa eta lagunartean askotan ikusten ditugu kalean jolasten. 

«Gakoa gehien gustatzen zaiena aukeratzeko bidea ematea da»

AURRERA Pilota Eskolako batzordea

Erraza da Leitzako haurrak pilota eskolara erakartzea?

Afizio handia dago, baina horren atzetik herrian izan ditugun goi mailako pilotariek zeresan handia dutela iruditzen zaigu. Egia da herrian ez dugula beste zenbait herritan bezainbeste pilotaleku. Bat estalia dugu eta bestea herriaren bihotzean dagoenez, herri erdi-erdian egote horrek pilotan ibiltzera erakartzen ditu neska-mutikoak. Hainbat aukera eskaintzen ditugu,mailaren araberako txapelketak, ingurukoekin, Mendialdeko elkarteak elkarlanean antolatutakoak, ofizialak, pribatuak, lagunartekoak...  Horrek bakoitzak gustukoena duena aukeratzeko bidea ematen du eta ahoz ahokoak funtzionatzen du . Iragarki askorik gabe etortzen dira guregana.

Nola antolatzen zarete?

Mailaren arabera banatua dugu: seinetan bi talde ditugu (8-10 urte), kimuen kategorian bi talde (10-12 urte), haurren kategorian hiru talde (12-14 urte) eta kadeteetan (14-16 urte), gazteetan (16-18 urte) eta nagusietan talde bana (18 urtetik gora). Kategoria horietan neskak eta mutilak daude eta horrez gain, nesken beste bi talde ditugu. Benjaminaurrekoetan (5-8 urte), berriz, pilota jolasak antolatzen ditugu eta maila horretan aurten zortzi pilotari ditugu. Hauek astean egun bakarrean aritzen dira. Gainerakoekin, astean lau egunetan izaten ditugu entrenamenduak eta kategoria bakoitzak bi egunez izaten ditu. Ikasturte honetako entrenatzaileak Asier Olaizola, Eki Mateorena eta Eki Goikoetxea ditugu. Joseba Sagastibeltza ere askotan laguntzen izaten da. 

Nolako etorkizuna ikusten diozue?

Etorkizun polita ikusten diogu. Neska-mutiko asko ditugu eta batzordeaz gain, laguntza ematen duten guraso dezente ditugu. Azken finean, gure euskal pilotaren alde lan egiten dugunak gara, dena txukun eta ongi aurrera ateratzeko ahaleginean ari garenak.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Pilota eskolak aurrera osasuntsu jarrai dezan, ezinbestekoa da elkarlana eta denen inplikazioa. Gaur egun, pilota eskolako neska-mutikoen gurasoak gara auzolanean ari garenak eta horrela lan eginez ateratzen dira etekinik handienak. Momentuz oso ongi gaude eta eskerrak eman nahiko genizkieke laguntzen duten guztiei. Horrela jarrai dezagun, eta gero eta gehiago hurbil gaitezen auzolanera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun