Miren Fagoaga Irurita

«Doluak sortzen dituen emozioei buruz oso gutxi hitz egiten dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 23a, 12:00

Tristura, beldurra, haserrea, mina, hutsa, zuloa... Hori sentitu du Miren Fagoaga Irurtiak (Leitza, 1971) dolu prozesu bete-betean, eta aldi berean barruan sentitu zuen hori izan da margolanen bitartez adierazi eta erakutsi duena. Askotarako eman dio «sentitzen nuena paper gainean ikusteak», besteak beste, «neure burua hobeki ezagutzeko eta sentitzen nuena hobeki ulertzeko» atea ireki baitio, baina norberarentzat egindako lanak jendaurrean erakusteko pausoa ematea ere «oso lagungarria» egin zaio.

Bere marrazkiak «jendearen marrazki bilakatu» direla dio, «asko identifikatuak sentitu» direlako. Egindako bideaz eta doluaz gehiago hitz egiteko eta sakontzeko beharraz mintzatu da Ttipi-Ttaparekin. Margotzen segitzea du amets, eta horretarako ikasten ari da. Hori bai, doluari lotutako marrazkiak egiteari utzi dio.

Joan den urtean, margolanen bitartez doluan sentitutakoa azaleratu zenuen...

Bai, hala izan zen. Duela bi urte eta erdi bikotekidea hil zitzaidan eta dolu prozesu betean sartu nintzen. Lagunekin, familiakoekin eta psikologoarekin gaiaz hitz egiten nuen, baina urtea pasatu arren, barruan atera ezin nuen zerbait nuela ikusten nuen. Marrazkien bitartez probatzen hasi nintzen eta asko lagundu zidan. Hasieran barruan sentitzen nuena paper gainean jartzea pixka bat zaila izan zen, baina neure buruarekin lengoaia berezi bat sortu nuenean, marrazkiak barrutik bat-batean ateratzen hasi zitzaizkidan, eta egunean marrazki bat egiten hasi nintzen. Orain denbora pasatu da eta urrutitik begiratuta, oso positiboa eta mesedegarria izan zela ondorioztatu dut.  

Nolako emaitzak izan ziren?

Marrazkiak betitik egin izan dut, ikasketak arte eskoletan egin nituen, baina gehienbat bolumena lantzen nuen, eskultura. Joan den urtean, ordea, akuarela aukeratu nuen, ordura arte sekula erabili ez nuena eta teknika zehatz bat jarraitu gabe aritu nintzen. Hasteko, beti, paper zuriaren gainean emakume baten gorputza marrazten nuen eta hortik aurrera gorputz horretan gertatzen zen guztia. Doluan gaudenean, gorputzean zulo bat sortzen da, nolabait esateko pixka bat hil egiten gara. Emakumearen gorputz zuri horretan zuloa marraztuz hasten nintzen eta zuloaren barrenean sentitzen nuen guztia, erraiak, saiheskiak, odola... Pixkanaka-pixkanaka, gaia psikologikoki landu ahala, zulo horretan hazi bat marrazten hasi nintzen, eta hazi horretatik landare bat. Azken batean, bizitzak aurrera segitzen du eta hazi horrekin bizitza berri hori irudikatu nahi nuen. 

Dolu prozesuaren bilakaera ikusten da zure lanetan...

Bai, bai, nik uste argi ikusten dela. Lanak banaka-banaka, hasieratik bukaerara hartuta, aldea nabaritzen da eta jendeak marrazkiak ikusi dituenean ere hori esan izan dit. Hasierako marrazkiak gordinagoak dira, hutsagoak, gogorragoak, eta gerora egindakoak gero eta leunagoak. Mina bizitza guztian sentituko dugu, baina ezin dugu bizitza guztia sufritzen egon. Bizitzan gauza onak eta txarrak daude eta denekin bizitzen ikasi behar da.

Tolosan, Leitzan eta Iruñean erakusketak egin zenituen. Nolako erantzuna izan zuten?

Guztira 125-130 bat marrazki egin nituen, baina ez Tolosako erakusketan, ez Leitzakoan ezta Iruñekoan ere, hasierako marrazkiak ez nituen erakutsi, gordinagoak ziren eta zailagoa egiten zitzaidan... Tolosan 36 jarri nituen eta Leitzan 45 bat. Erantzuna oso polita izan zen. Nire barruko lanketa bat egiteko marrazten hasi nintzen, eta gero erakusteko gogoa sentitu nuen. Hasiera hartan, ingurukoei, lagunei, familiari... erakutsi nien zein erreakzio sortzen zuten ikusteko. Jendea identifikatua ikusi nuenenean kalera atera eta erakusketa egi-
tera animatu nintzen.

«Mina beti izanen dugu baina ezin dugu beti sufritzen egon»

Miren FAGOAGA, margolaria

Orokorrean oso erantzun positiboa hartu nuen. Gaiari buruz hitz egiteko aukera eman zidan, eta gehiago ere bai, nire mina eta sufrimendua paper gainean ikusteak pasatzen ari nintzena ulertzen lagundu zidan. Erakusketak jendeari doluari buruz hitz egiteko aukera ere eman zion. Azken batean denon mina antzekoa da, nik modu batera adieraziko ditut eta beste batek beste modura, baina denok pasatzen dugu dolua eta sentimenduak antzekoak dira.

Gauza bat da norberarentzat pintatzea eta bestea jendaurrean erakustea...

Zaila izan zen, eta oraindik zailagoa Leitzan. Marrazkiak Tolosara eraman nituenean, hasierako egunetan ezagunei zer iruditu zitzaien galdetzeko aukera izan nuen. Baina gero, pandemia tarteko, muga itxi zuten eta hara joan ezinik gelditu nintzen, jendearen iritzia bildu ezinik. Ez nuen aurpegia eman beharrik izan eta alde horretatik errazagoa izan zen. Azken batean plazara biluzik atera nintzen eta ez nekien jendeak nola erreakzionatuko zuen. Baina orain pozten naiz egin izanaz, oso harrera ona izan zuelako.

Marrazkiak egiteko beharra barrutik atera zitzaidan eta erakusteko beharra ere dolu prozesuaren barruan sentitu nuen. Gerora ikusi nuen ez zela nire beharra bakarrik. Nire marrazkiak oso barnekoak eta oso nireak ziren, baina jendearen marrazki bilakatu ziren.

'Dolua, barnehutsaren kolorea iruditan' erakusketan aurkeztu zuen lanetako bat. 

Dolua gainditzeko bidea aurkitu duzula erranen zenuke?

Bai. Dolua egin behar da, bakoitzak bere modura, baina egin behar da eta nire kasuan hau izan zen hobeki pasatzeko eta neure burua hobeki ezagutzeko aurkitu nuen bidea. 

Dolua gainditu duzu?

Ez. Bi urte eta erdi pasatu dira eta asko nabaritzen da denbora pasatu dela. Oraindik ere baditut momentu gogorrak, zulo barrenera sartu gabe, baina hurbiltzen naizen momentuak. Baina bizitzan aurrera jarraitu behar dugu, ezin dugu hor gelditu eta bi urte eta erdi beranduago, neure burua gehiago ezagutzen eta halako momentuak eramangarriago egiten ikasi dut. Bide horretan laguntzen duten gauza asko daude, marrazkiak, liburuak, abestiak... Nik asko irakurri dut eta abesti batzuk askotan entzun ditut. Identifikatua sentitu izan naiz eta aldi berean, bakarrik ez nagoela ikusita babestuta. Beharbada nik abesti batekin sentitzen dudana, beste norbaitek nire marrazkiekin senti dezake.

Dolua gai tabua da?

Doluaren emozioei buruz gainetik bakarrik aritzen gara, hoberena lehenbailehen pasatzea dela uste dugulako. Oso gutxi sakontzen dugu, eta berez oso erraza izan behar luke, guztiok sentitzen dugulako. Barruan daukaguna ateratzea zail egiten zaigulako, besteekin partekatzea kostatzen zaigulako, lotsagatik, ohitura faltagatik edo ez dakit zergatik ez dugu egiten. Sakonduko bagenu, terapia ona izanen litzateke. Badira dolua pasatzen laguntzen duten taldeak, eta horietan sentipenetan sakontzen dute, baina kalean, inguruan, askotan baita familian ere... oso zaila da holako kontuei buruz hitz egitea. Batzuetan iduri du kontu alaiak bakarrik esan behar ditugula eta pozik egon behar dugula... Baina bizitzaren beste aldea ere hor dago, sufrimendua, eta hori ere erakutsi behar da.

«Nire marrazkiak jendearen marrazki bilakatu ziren»

Miren FAGOAGA, margolaria

Doluaren inguruan marrazteari utzi eta ikasten hasi zara...

Bai, hori da. Doluaren inguruan marrazki gehiago egiteak ez zuen zentzurik eta gehiago ez egitea erabaki nuen. Baina marrazteak izugarri lagundu dit eta bizitza gehiegi aldatzen ez bazait behintzat, margotzen segitu nahi dut, hori egiteko beharra sentitzen dut. Helburu horrekin akuarela nola erabili ikasten ari naiz. Ea egunen batean zerbait polita egiten dudan.

Geroztik nolako lanak egin dituzu?

Beti neure buruari uzten diot hitz egiten, eta erabat emakumeen bueltan nabil, emakumeak hainbat egoeratan marrazten. Baina horrekin zirkulu batean sartua nengoen eta hortik ateratzeko udan akuarela ikastaro bat egin nuen. Ikastaroan deus ez dakidala konturatu naiz. Hala ere, lehengo marrazkien helburua ez zen ongi marraztea, barruan nuena ateratzea baizik, eta nekienarekin nahikoa nuen hori egiteko. Orain, berriz, helburua ongi marraztea da, eta ongi egiteko ikasi beharra dago.

Ez da zure ogibidea... Baina gustatuko litzaizuke hortik bizitzea?

Bai, noski, gustatuko litzaidake, baina ilustrazioaren mundua oso ogibide zaila da.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun