Leitzako Udalak oinezkoen eremuak errespetatzeko deia egin du

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 21a, 11:00

Argazkian Leitzako plazara eramaten duen sarrera.

Peritza alboko piboteen erabilera desegokia egiten dela salatu dute. Pibote horiek ez badira dagokien tokian mantentzen, «lurrean finkatuko dituztela» ohartarazi du udalak.

Leitzako Udalak ibilgailuekin ibiltzen direnei oinezkoen eremuak errespetatzeko eskatu die. Hainbat herritarrek Peritza alboko piboteen «erabilera desegokia» egiten dutela jakinarazi dute, «gehienetan kenduta utzi edota baimendutako salbuespenetatik kanpo kotxez dabiltzalako». Gainera, piboteak behin baino gehiagotan lapurtu dituztela salatu dute, eta oinezkoen kalea etengabe autoei zabalik uzteak «ezusteko eta arrisku handiak» dakartzala adierazi dute.

Horregatik, piboteak dagokien tokian mantentzeko eskatu dute, eta hala ez bada, lurrean finkatuko dituztela jakinarazi dute. Horrek «bertako bizilagunei plaza aldeko sarrera/irteera bakarrik uztea ekarriko du, baita larrialdietarako zailtasun gehiago ere». Oinezkoen eremuen lasaitasun eta abantailez gozatzen jarraitzeko eta Leitza herri segurua eta inklusiboa izaten jarrai dadin, «egin dezagun guztiok ahalegina».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun