«Leitza ezagutzen duzula uste baduzu eta ongi pasatu nahi baduzu, parte hartu abenduaren 17an eginen dugun taldekako lehiaketan». Gonbidapen horixe bidali dute Balikebale lehiaketako antolatzaileek. Abenduaren 17an, ostirala, 19:00etan Leitzako Herri Aretoan izanen da hitzordu handia eta galderak, ariketak, proba berriak... izanen direla aurreratu dute.
Izen-ematea gaur, urriaren 15ean, ireki dute eta interesatuek azaroaren 15era arteko epea izanen dute apuntatzeko, euskara zerbitzuan, 948 51 08 14 telefonora deituta edo laga@iparmank.eus helbidera idatzita.
18 urtetik gorakoek izanen dute parte hartzeko aukera eta lau talde ariko dira, horietako bakoitza hiru lagunez osatua. Izena ematen duten taldeak lau baino gehiago izanez gero, zozketa eginen dute. Dena den, lehentasuna «lehiaketan inoiz parte hartu ez duten lehiakideekin osatutako taldeek» izanen dute.
Sariak ere ez dira nolanahikoak izanen. Irabazleek 450 euroko txekea hartuko dute opari eta horrekin batera beste sariak ere banatuko dituzte: otorduak, kultur ekintzetarako sarrerak, herriko produktuak...