Olatz Zabala

«Mendirako zaletasun handia dago herrian eta jarraitzea espero dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 17a, 08:00

Arainburu-Umore Ona Mendi Taldeko lehendakaria da Olatz Zabala, eta orain osasun egoerak hobera egin duela, hainbat irteera prestatzen hasi dira goizuetarrentzat.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

28 urteko goizuetarra.

Zein dira zure zaletasunak?

Mendian ibiltzea eta lagunekin elkartzea.

Noiz sortu zen Arainburu-Umore Ona Mendi Taldea?

2020 hasieran sortu zen udalak bultzatuta. Hernani-Goizueta bide zaharraren zati bat ezagutzeko antolatu zuten mendi ibilbidearen ondoren, sumatu zen herrian bazegoela mendian taldean ibiltzeko gogoa eta horrelako irteerak antolatzen hasi ginen.

Zer da Arainburu?

Arainburu Goizuetako mendirik altuena da (1.054 m). Hala ere, herriko ikurra Mandoegi mendia dela esanen nuke, Arainburu herritar askok ez genuelako ezagutzen. Taldeari izen hau emateak ezagutzeko aukera eman digu.

Taldeko lehendakaria zara, ez?

Bai, baina taldekideak Mirari Etxegia, Igaratza Apezetxea, Patxi Etxeberria, Naroa Zugarramurdi eta ni gara. Lanak banatuak dauzkagu; batek kartela prestatu, besteak ibilbidearen egoera ikusi eta track-a egin… Lehendakaria izanagatik ez dut beste taldekideak baino ardura gehiago.

Zenbatero egiten dituzue irteerak eta nora?

Hilabetero edo bi hilabetetik behin saiatzen gara, baina maiztasuna zehaztu gabe. 2021ean momentuz lau irteera egin ditugu, hiru herri inguruan eta bat mugakidea den herrira, Lesakara.

Nori zuzendutako itzuliak dira?

Guztiengana iristea da gure helburua eta hainbat zailtasunetako irteerak antolatzen saiatzen gara.

Jende askok parte hartzen du?

Bai, 20-30 laguneko parte-hartzea izan dute irteera guztiek eta pozik gaude erantzunarekin.  Mendirako zaletasun handia dago herrian eta horrela jarraitzea espero dugu.

Nola eragin dizue koronabirusak?

Taldea sortu bezain laster pandemia iritsi zen eta ezin izan genuen antolatuta geneukan irteera egin. 2020ko urrian berrio saiatu ginen, baina bertan behera utzi behar izan genuen. Eta azkenean, abenduaren 31n egin genuen lehenengo mendi itzulia. Hasiera zaildu zigula esan dezakegu!

Zure asmoak epe motzera?

Antolakuntzan jarraitzea eta ibilbide berriak ezagutzea.

Eta epe luzera?

Ez dut horretan pentsatu, denborak esanen du!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun