Nafarroako Gobernuak 135.000 eurorekin finantzatu du Leitzako udaletxearen birgaitzea

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 13a, 12:30
Jesus Maria Rodriguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia eta Mikel Zabaleta Leitzako alkatea, udaletxera egindako bisitan.

Eraikinaren estalkia eta inguratzaile termikoa hobetu dituzte.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Leitzako udaletxearen birgaitzea finantzatu du. Udaletxearen estalkia eta inguratzaile termikoa hobetu du Comal SL enpresak, 235.000 euroko aurrekontuarekin eta 135.000 euroko laguntza eman du Nafarroako Gobernuak, Tokiko Inbertsio Planaren bitartez. Gainerakoa, Leitzako udalak ordaindu du.

Leitzako udaletxearen teilatuaren egitura (zurezkoa) finkatzeko eta bi isurkiko hegalak egiteko lan egin da. Estalkia isolatzeko eta iragazgaizteko panelak eta zeramikazko teilak jarri dituzte. Era berean, lanek teilatuko erretenak eta zorrotenak ordezkatzeko balio izan dute, eta, berrikuntza osatzeko, argizuloa jarri dute.

XVIII. mendeko eraikina, XX. mende hasieran zabaldua

Leitzako udaletxea XVIII. mendekoa da. 1915ean, bizilagun kopuruaren igoera zela eta, hasierako eraikinaren bi aldetara zabaldu zen. Udaletxe berrituaren inaugurazioa 1917ko abuztuaren 11n egin zuten, San Tiburtzio pestetan.

Tokiko Inbertsio Planaren bitartez beste lan batzuk ere egin ditu Nafarroako Gobernuak Leitzan, nagusiena herriko zinema-aretoa moldatzea. Amazabal kaleko sareak eta zola berritu dituzte, argiteri publikoa jarri da eta banda zabalerako sarbidea eskaintzen duten sareak hedatu dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun