Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako azken finalistak erabaki dira igandean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 13a, 20:00
Leitzan igande eguerdian aritu ziren aizkolariak.

Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Hodei Ezpeleta ariko dira igandean Lizarran, lehendik sailkatuak zeuden Ibai Soroa eta Suharri Rodriguezekin batera.

Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako azken bi finalistak erabaki dira urriaren 10ean, igande eguerdian, Leitzako Amazabal pilotalekuan jokatu den saioan. Jokin Urretabizkaia Basozabal (Donostia), Hodei Ezpeleta (Eibar), Goizeder Belza (Etxarri Aranatz) eta Oier Kañamares (Arostegi) aritu ziren sei enborrekin lanean. Bi lehenbizikoek, Basozabalek eta Ezpeletak lortu dute urriaren 17an Lizarran jokatuko den finalerako txartela.

Basozabalek 13 minutu eta 18 segundo behar izan zituen lana burutzeko eta Ezpeletak 14 minutu eta 5 segundo. Kañamares V.ak 14 minutu eta 40 segundo behar izan zituen eta Belzak 18 minutu eta 20 segundo.

Emakumeen erakustaldia

Gizasemeen Txapeldunen ligako kanporaketaz gain, emakumeek binaka aizkora erakustaldia eskaini zuten Leitzan igande eguerdian. 36 ontzako bost enbor moztu zituzten binaka txanda librean. Nerea Sorondo beratarra eta Laiene Pikabea izan ziren bizkorrenak (13 minutu eta 6 segundo). Maika Ariztegi iturendarrak eta Uxue Ansorregik 18 minutu eta 41 segundo behar izan zituzten lan hori bera egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun