Mari eta Warmi Sisay dira Leitzako bi erraldoi berriak

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 13a, 17:30
Ezkerrean Warmi Sisay eta eskuinean Mari.

306 lagunek parte hartu dute urriaren 2an Leitzan aurkeztu zituzten bi erraldoi berriei izena aukeratzeko egin duten galdeketan. Baserritarrarentzat Mari izena aukeratu dute eta kichwarrarentzat Warmi Sisay.

Leitzako konpartsako erraldoi berrietako bat emakume baserritarra da, eta «gure herria gaur egun dena izateko oso garrantzitsuak izan direlako» egin dute. Hiru izen proposatu zituzten baserritarrarentzat, Mari, Eguzki eta Lore: % 46,7k Mari hautatu zuen, % 32k Lorek eta gainerako %21,2ak Eguzki.

Konpartsako beste kidea emakume kichwarra da. «Leitzan hainbat herri eta kulturatako herritarrak ditugu gure artean, quechuarrak horietako batzuk dira». Erraldoi horrentzat ere beste hiru izen proposatu zituzten, eta horien artean, jatorri ekuadortarreko leitzarrek Warmi Sisay izena proposatu zuten ('loratzen ari den emakumea' esan nahi du). Hain zuzen, botoa eman zuten 306 lagunen artean, % 59,5ak hori aukeratu zuen; % 25,8k Inti eta gainerako %14,4ak Sara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun