Gaurko deituta dagoen itzalaldi elektrikoarekin bat egin du Goizuetako udalak ere

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 8a, 13:00

«Argindarraren prezioaren etengabeko gorakadaren aurka» itzalaldi elektriko masiboa eta kazola-jotzea egiteko deia egin dute estatuko hainbat alderdi politikok gaurko.  Arantzako eta Leitzako udalek aitzinetik egin bezala, Goizuetako udalak ere bat egin du itzalaldiarekin, eta ortziralean 22:00etatik 22:30era argiteria publikoa itzaliko dute. Horrekin batera herritarrei parte hartzeko gonbita egin die. 

Deskonektatu elektriketatik! lelopean EH Bilduk, Esquerra Republikanak, Juntsek, Mes per Mallorcak, BNGak, Cupek eta Més Menorcak egin dute deialdia. Gaur, 22:00etatik 22:30era itzalaldi elektriko masiboa eta kazola-jotzea egitea nahi dute, gisa honetara «argindarraren prezioaren etengabeko gorakada» salatzeko.

Arantzako, Leitzako eta Goizuetako udalek ere ortziralean ordu horretan argiteria publikoa itzaliko dute eta horrez gain, «herritar guztiei dei egiten diegu ekintzarekin bat egiteko eta kazola-jotzean parte hartzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun