Artikutzara mendi ateraldia antolatu du iganderako Goizuetako Arainburu taldeak

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 11a, 17:00
Arainburu Umore-Ona mendi taldeko kideak Lesakara uztailean egin zuten irteeran.

Ostiralean bukatuko da ateraldira apuntatzeko epea. 

Goizuetako Arainburu Umore-Ona mendi taldeak Artikutzara irteera antolatu du datorren iganderako. Irteera goizeko 7:45etan aterako da herriko plazatik, eta bertatik Bianditzeko lepora (Oiartzun) autobusean joanen dira. Han Artikutzako trenaren ibilbidean barrena Bianditzetik Arriurdinetarako bidea eginen dute. Hamasei kilometroko ibilbidea izanen da denera, 260 metroko desnibelarekin. Itzulerako autobusa 13:00 inguruan izanen da Arriurdinetik. 

Parte hartzeko Elena estankoan apuntatu beharko da ostirala baino lehen. Izena ematerakoan 10 € ordaindu beharko dira. Irteera 27 pertsonatara mugatua dago eta autobusa izateko gutxienez hogei pertsonek apuntatu beharko dute.

Arainburu Mendi Taldetik oroitarazi dutenez musukoa eraman beharko da segurtasun neurriak mantendu ezin diren uneetan erabiltzeko. Gainera, nabarmendu dute antolatzaileak ez direla kargu eginen gertatu daitezkeen ezbeharrez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun