Garbitzaile bila dabil Goizuetako Umore Ona elkartea

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 7a, 13:00

Umore Ona elkartean egindako otordu bat, artxiboko irudi batean.

Garbiketan aritzeko lanpostu bat betetzeko deialdia egin du Goizuetako Umore Ona Elkarteak. Hiru urteko kontratua izanen da, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Goizuetan erroldatua egotea izanen da baldintzetako bat eta eskaintzak urriaren 15etik 30era bitarte aurkeztu beharko dira.

Garbitzailea hainbat lan egiteko hartu nahi dute: Umore Ona Elkarteko areto eta lokalak garbitzeko (goiko eta beheko lokalak), bazkideek erabiltzen dituzten tresna guztiak garbitzeko, hau da, platerak, mahai-tresnak, edalontziak, kazolak, parrila, sukaldeko suak, ezpainzapiak, trapuak eta mantalak. Garbiketako produktuen eta tresnen gastuez elkartea bera arduratuko da.

Hilabetean gehienez ere ehun orduko lanaldia izanen da eta gutxieneko eskaintzak 14.500 euro edo gehiagokoa izan beharko du. «Eskaintzaren bat 14.5000 eurotik beherakoa bada, ez da onartuko», adierazi du elkarteak. Gainerakoan, hiru urteko kontratua izanen da eta beste bi urtez luza dezakete bi aldeak ados badaude. Beste baldintzetako bat Goizuetan erroldatua egotea izanen da. 

Eskaintzak urriaren 15etik 30era bilduko dituzte eta eskabideak idatziz goizuetakoumoreona@gmail.com helbidera edo elkartearen postontzian utzita aurkeztu beharko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun