Goxali Goizuetako aisialdi guneak asteartean hasiko du aurtengo ikasturtea

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 3a, 09:00

Urte mordoska daramatza Goxalik martxan.

Goizuetako 3 eta 14 urte bitarteko haurren eta gaztetxoen sozializazioa eta aisialdi osasungarria sustatzea du helburu Goxalik eta astearte honetatik aurrera, urriaren 5etik aurrera, ludoteka, jokoak eta eskola-laguntza eskainiko dituzte.

Goizuetako Udalak, Xalto eskolak, guraso elkarteak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak antolatutako zerbitzu hau dohainik izanen da.

Ludoteka

Ludoteka gazte txokoan izanen dute. Haur Hezkuntzakoentzat asteartetan 17:00etatik 18:00etara eta Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailakoentzat 18:00etatik 19:00etara izanen da zerbitzua. Ostiraletan, berriz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoentzat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoentzat emanen dute zerbitzua, 16:00etatik 17:00etara.

Eskola-laguntza

Eskolak eta gizarte zerbitzuek kudeatutako zerbitzua izanen da eta interesa duenak gizarte zerbitzuetara jo beharko du.

Joko tailerrak

Hilabeteko azken ostegunetan joko tailerrak eginen dituzte. Zerbitzu hau Haur Hezkuntzako haurrei eta haien gurasoei bideratua izanen da eta 17:00etatik 18:00etara Xalto eskolako jangelan eginen dute: urriaren 28an, azaroaren 25ean, abenduaren 16an, urtarrilaren 27an, otsailaren 24an, martxoaren 24an, apirilaren 28an eta maiatzaren 26an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun