Emakumeen topaketa eginen dute urriaren 16an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 2a, 11:00

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira emakumeen topaketa antolatu dute Leitzan, eta antolatzaileek iragarri dutenez, «adin eta sektore guztietako emakumeen zuzendua» izanen da. Parte hartzeko aurretik izena eman beharko da.

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Habelarte Mendialdeko Baserritarren Elkarteak antolatu dute hitzordua, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarekin, eta «aldaketa sozioekonomikoek gure paisaian eta bizitzan utzi duten aztarna» landu nahi dute.

Urriaren 16an, larunbata, 10:00etan Basakabin bilduko dira eta Gotzone Sestorain gidari dutela saio praktikoa eginen dute. Eguerdian bazkaria eginen dute bakoitzak etxetik eramandakoarekin, eta arratsaldean auzolanerako bilduko dira. Bazkaltzeko tokia eta auzolana eguraldiaren arabera erabakiko dutela jakinarazi dute.

Parte hartzeko urriaren 13rako izena eman beharko da, 674 08 69 26 telefonora idatzita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun