Birziklapena sustatzeko programa berria aurkeztu du Hondakinen Partzuergoak Leitzako eskolan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 1a, 19:00

Nafarroako ikastetxeetan sortutako hondakinen %60a plastikoa da

Birziklapena sustatzeko eta belaunaldi berriei ingurumena zaintzeko praktikak erakusteko, Nafarroako Gobernuak eta Hondakinen Partzuergoa osatzen duten 15 mankomunitateek hezkuntza-programa berria aurkeztu dute. Aurtengoa 10.000 ikasle baino gehiagori zuzendua izanen da, eta lehenengo aldiz, helduentzako ere bai.

Leitzako Erleta eskolan egin du lehenengo aurkezpena Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak. Bertan Mikel Zabaleta alkateak, Fernando Mendoza Hondakinen Partzuergoko gerenteak eta Unai Miranda mankomunitateko lehendakariak parte hartu dute. Gainera, Aresoko Nazabal eskolako ikasleak eta Leitzako Amazabal institutukoak ere bertan izan dira.

Erletako ikasleek ikastetxeko hondakinen kudeaketarako proiektua azaldu dute, hondarren murriztea duena helburu. Gosarian sortzen diren hondakinak azaldu dituzte eta ogitarteko-eramatekoak eta botila berrerabilgarriak banatu dituzte ikasleen artean. Horrela, plastikozko ontzien erabilera murriztu nahi dute. Jardunaldia bukatzeko, uren dastatzea egin dute, inguruko lau iturritako eta botilako bi markatako ura konparatzeko, eta herri kirolak egin dituzte hondakinekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun