Leitzako erraldoi berriak aurkeztuko dituzte larunbat honetan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 30a, 17:00

Larunbat honetan, urriaren 2an, eginen dute Leitzako erraldoi eta buruhandien konpartsaren aurkezpena. Konpartsako kideek 18:00etan plazan egin dute hitzordua eta orduan erakutsiko dituzte udalak erositako bi erraldoi berriak zein diren.

Ez da aurkezpen soila izanen. Ekitaldian «irudiek eta pertsonek garrantzi berezia» hartuko dutela azaldu du Jon Arangoa konpartsako kideak eta horrez gain,  «sorpresak» ere izanen omen dira. Besteak beste, Pablo Feoren laguntzarekin osatu duten liburuxka ere aurkeztuko dute. Jolasteko eta eskulanak egiteko materialarekin prestatu dute liburuxka, eta gisa honetara Gafotas, Kantinflas, Ipotxa, Amonazarra, Barriola eta Frida buruhandien, Atxaurea, Joalduna, Tigrea eta Zezena erraldoi txikien eta Lizarra eta Garazi erraldoi handien inguruko informazio zehatza eskura izanen dute herritarrek. 

Aurreraren eta udalaren babesa

Beste pauso batzuk ere eman dituzte konpartsako kideek. Konpartsa Aurrera Kirol Elkartean txertatu dute eta hala, hemendik aurrera elkarteko beste batzorde bat izanen da. Horrekin batera, «lana ahalik eta txukunen egiteko eta nolabaiteko ofizialtasuna emateko» arautegia zehaztu dute eta asegurua kontratatu dute. Bide horretan, «udalak eta Aurrera Kirol Elkarteak emandako babesa» nabarmendu nahi izan du Arangoak. «Urte askotan, oraingo baliabiderik gabe erraldoiekin eta buruhandiekin lan egin duten herritarren lana» ere gogoan izan du, eta «haiei eskerrak» eman nahi izan dizkie.

Kontatu duenez, «gazteak kontatuta 25 bat lagunek» osatzen dute konpartsa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun