AIMAR OLAIZOLA

«Goizuetarekin zorretan nintzen eta sorterrian jokatuko dut azkena»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 2a, 10:00

Aimar Olaizola pilota astintzen, 23 urteko ibilbideko 1.300 partida baino gehiagotako batean.

Aimar OLAIZOLA APEZETXEA, Goizuetako pilotaria.

Goizuetan abiatutako ibilbidea sorterrian bertan bukatzea erabaki du Olaizola II.ak. 42 urte beteko dituen egunean, azaroaren 13an, jokatuko du azken pilota partida profesionaletan

Ikusmin handiarekin irailaren 15ean prentsaurrekoa eskaini zuen Aimar Olaizola  (Goizueta, 1979) pilotari handiak Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Eta orduan iragarri zuen pilota profesionala utziko duela, azaroaren 13an, 42 urte beteko dituen egunean, sorterrian. «Nire pilota ibilbideari amaiera jartzeko momentua ailegatu da», adierazi zuen. Goizuetako aurrelariak 1998ko apirilaren 12an egin zuen debuta Lekunberrin eta geroztik, 23 urtez, palmares ederra osatu du: Buruz buru lau txapel jantzi ditu (2005, 2007, 2012, 2013); lau eta erdian zazpi aldiz txapeldun izan da, inor baino gehiago (2002, 2004, 2005, 2008, 2011, 2012, 2013) eta binakakoan hiru aldiz  jantzi du txapela (2008, 2011, 2016). Bigarren mailako buruz burukoan ere txapeldun izan zen 1999an, debutatu eta urtebetera. Hamabost txapel ofizial, 27 finaletan. Eta beste hainbat torneo, azkena Master txapelketa hilaren 19an, Zabaletarekin batera. 1.300 partida baino gehiago. Agur moduan, Goizuetan jokatuko duen azken partidaren aurretik, joan den asteburuan Logroñon eta oraindik Donostian (urriak 2), Bilbon (urriak 17), Iruñean (urriak 23) eta Gasteizen (urriak 31) ere jokatuko du Aimar Olaizolak.

 

Final baten atarian eman duzu erretiroaren berri… Oraindik pilotan segitzeko soka luzea baduzula aipatu batek baino gehiagok… Zergatik orain?

Garbi neukan joku aldetik maila polita emanez utzi nahi nuela. Nire ustez maila ona ematen ari naiz, ia 42 urterekin Mastersko finala irabazita, bikote handien kontra… Momentu egokia orain dela uste  dut.

Zabaleta bezalako atzelariekin beste bizpahiru urte ere jokatzen ahal duzula ere aipatu zenuen…

Telebistan erdi brometan esan nuen, egia esateko Zabaletaren jokua goraipatzeko. Maila izugarria ematen ari da, nik ikusi dudan atzelari onena da.

Azken partida Goizuetan, urtebetetze egunean…

Garbi neukan ahal baldin bazen Goizuetan jokatu nahi nuela azken partida. Ttikitatik Goizuetan ikasi nuen pilotan eta partida guztietan herriko jendea izan dut animatzen, laguntzen, dirua gastatuz… Nolabait herriarekin zor bat nuela sentitzen nuen eta horregatik azken partida sorterrian jokatu nahi nuen.

Agurraren orduan gurasoak, emaztea, familia, lagunak izan dituzu gogoan…

Noski, gurasoek txiki-txikitatik frontoiez frontoi eraman naute, kilometro pilo bat egin, gauza pilo bat erakutsi… eta azken urteetan emaztea izan dut beti ondoan… eguneroko bizimodua ez da erraza ondokoa kirolari profesionala denean, asteburutan ia beti partidua, kontzentratu egon beharra, beti pilota buruan, aurreko egunean ere, nire kasuan behintzat, beti ohitura berdintsuak bete beharra, beste jendeak egiten dituen gauza asko ezin egin… horretatik aparte lau ume, karga guztia berak eraman beharra, meritu handia dauka eta oso eskertua nago, oso pozik.

1.300 partida baino gehiago profesionaletan, erraz esaten da… Horien artean baduzu bakarren bat bereziki kuttuna dena?

Partida pilo bat da eta ez da erraza horien artean bat nabarmentzea. Nik beti esaten dut debuteko partidua oso berezia izan zela eta buruz buruko lehen txapela Irujoren kontra Atanon irabazi nuenean ere handia izan zen, ez bainuen uste nik inoiz buruz burukoa irabazterik izanen nuenik. Seme-alabak jaio zirenean eta aita hil zenean jokatutakoak ere gogoan ditut.

Aimar Olaizolak eskuak goiti, 2013ko buruz buruko txapela, laugarrena eta azkena, irabazi ondotik.

 

Profesionaletan 27 finaletan izan zara eta horietatik 15 irabazi, baina hamabi galdu… Galdutakoen artean baduzu bakarren bat amorrazio berezia ematen dizuna?

Final piloa jokatu dut eta alde horretatik oso pozik nago. Galdutakoan beti pena hartzen da, baina alde horretatik beti positiboa izan naiz. Bat edo beste izan dut partida nahiko ongi eraman eta azken momentuan galdu izan dudana. Xalaren kontra eta Urrutiren kontra galdutakoak datozkit burura. Binakako finalean, Atanon, Mendizabalekin, Irujo eta Goñi III.aren kontra, hogeita bana berdin eta Goñiren eskapada batekin galdu genuenekoa ere gogoan dut.

Agurra iragarri duzunean, pilota munduko jendeak zure ezaugarriak goraipatu ditu … Zuk nola definituko zenuke zure ibilbidea 23 urte hauetan?

Polita da jendeak horrelakoak esatea. Niretzat inportanteena, halere, zera da, denbora honetan guztian dena eman dudala kantxan, dudan guztia eman diot pilotari. Ez zait gustatzen nire buruaz aritzea, baina nahiko pilotari konpletoa izan naizela esango nuke. Nik baino kolpe gehiagoko pilotariak izan dira, baina gauza asko ongi egiten duen pilotaria naizela uste dut.

Atzera begira, zerk harrotzen zaitu bereziki pilotan egin duzun ibilbideaz? Eta, ahal bazenu, zer aldatuko zenuke?

Jende gehienak palmaresari ematen dio garrantzia, baina nire ustez palmaresa, tituluak eta txapelak baino gauza garrantzitsuagoak eta politagoak badaude pilota munduan. Niretzat pilota ia bizitza guztia izan da, jende pilo bat ezagutu dut, gauza pilo bat erakutsi dizkit…

Aimar Olaizola, defentsa lanean.

 

Pilotaren eraldaketa ere bizitu duzu… botez jokatzetik airez jokatzera buruz burukoan… Aldaketa horretara ongi egokitu zaren pilotaria izan zarela diote…

Ni hasi nintzenean lehengo joku tradizionala egiten nuen… Titin, Irujo eta pilotari hauek egiten zuten jokoarekin, neronek ere aldatu beharra izan nuen, eta horrek pilotari hobea izatera eraman ninduen. Ongi egokitu nintzen aldaketa horretara, jokatzeko bi modu horiek ezagutu ditut. Oraingoa lehengoa baino askoz azkarragoa da, baina bitara  ongi moldatu naiz. Lehenago hasi banintz joku horrekin igual txapelen bat gehiago izanen nuke, hori esaten dit Asier anaiak, baina ez dago jakiterik.

Irujorekin izandako ribalidadea ere azpimarratu da… Zure kontrariorik gogorrena izan da? Bikote egin duzunen artean, berriz, zein izan da zure gustukoena?

Nire ibilbidean pilotari bat esanen nuke, Irujo esan behar da dudarik gabe. Pilotari gehiago ere izan ditut kontra partida garrantzitsuetan, baina hogeitik hamabostetan elkarren kontra jokatzea suertatzen zitzaigun. Nire ustez, pilotarentzat oso ona izan da lehia hori. Partiden aurretik bien jarraitzaileen artean saltsa berezi bat sortzen zen, deklarazioak, pilotengatik kexak… baina gero frontoian oso maila ona ematen genuen biok, frontoira jende asko eramaten genuen. Biek esaten dugu elkarrengatik gauza asko ikasi ditugula eta pilotarentzat oso ona izan dela. Gaur egun ere pilotari ikaragarri onak daude, baina ez dago jendearen arteko pikea sortzen duten bi pilotariren arteko lehiarik. Hori sortuz gero jendeak oraindik gehiago hitzegingo luke pilotaz. Hortik kanpo inolako arazorik ez dugu izan elkarrekin harremanean.

Etorkizunera begira oraindik ez duzu deus erabaki? Pilotaren inguruan segitzea gustatuko litzaizuke?

Gustatuko litzaidake biharko egunean pilota munduan segitzea, baina momentu honetan, bi hilabete hauetan gelditzen zaizkidan partidak jokatu, azkeneko partida jokatu ondotik emaztearekin eta familiarekin hitzegin pixko bat… baina ez dut problemarik, enpresarekin harreman oso ona dut, nirekin oso ongi portatu dira eta nik daukadan guztia eman diet, niretzat bigarren familia da.

 

Ttipi-Ttapak “deskubritu” zuen Aimar

Zenbat ziento elkarrizketa egin ote ditu Aimar Olaizolak? Bada, horien artean lehenbizikoa Ttipi-Ttapari eskaini zion 1991n, duela 30 urte. Hamabi urte bete berriak zituela dagoeneko 25 txapel jantziak zituela ageri zen solasaldian. Orduan ere egunero aritzen zen pilotan Aimar mutikoa, «edozein momentu aprobetxatzen dut hortarako, errekreoak, ilunabarrak, oporrak edo asteburuak». Bere adineko gehienek bezala Aimarrek bere idoloak bazituen: «Beloki ikaragarri gustatzen zait eta Eugi ere bai. Futbolzalea eta Osasunaren aldekoa naizenez Urban ere nire idoloetako bat da, eta nola ez, Joxe Mari Bakero».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun