Nafarroako Gobernuak 492.000 euro inbertituko ditu Aranoko araztegi biologikoan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 29a, 13:00

NILSAk obretarako lizitazioa atera du eta nahiz eta hasiera batean araztegia aurten martxan izanen zela adierazi, 2022ko udazkenerako aurreikusi du bukatuko dituztela lanak.

Lurralde Kohesioak 492.540,90 euroko inbertsioa eginen du Aranoko 116 biztanleei araztegi biologiko bat eraikitzeko. Printzipioz aurten bukatu beharreko lanak hurrengo urtean bukatzea aurreikusi dute eta lizitazioa atera dute lanak esleitzeko, urriaren 18 arte zabalik egonen dena.

Aranoko Udalarekin batera koordinatutako proiektuan, orain dagoen hobi septikoa botako dute eta Sagarbakoitzen eginen dute araztegi berria, ia 700 metro karratuko lursailean. Horrez gain, Goiko Herriaren eta Beheko Herriaren arteko lotura eta Beheko Herritik araztegira doan hustubidea eginen dute, baita araztegiko sarbidea ere.

Instalazioak bi Imhoff depositu eta bakterio-geruza izanen du, ur zikina eta garbia banatuko dituena grabitatearen bitartez. Ur zikina harriz betetako hondora joanen da eta bertan garbituko da, energia elektrikoaren beharrik gabe. Beraz, efizienteagoa, merkeagoa eta garbiagoa izanen da.

Segundoko 0,28 litro garbituko dituela aurreikusi dute, 24 metro kubiko egunean, eta ur gehiagorako bolumena daukala jakinarazi dute, 168 metro kubiko gehienez eguneko. Aranoko geografia kontuan izanda eginen dituzte lanak, inguru aldapatsua baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun