Txukun Lakuako David Uribek eta Umore Onako Antton Apezetxea goizuetarrak irabazi dute afizionatu mailako Muebles Polque txapelketa. Larunbatean Labriten jokatutako finalean 22-19 irabazi zieten Soraluzeko Ander Muruari eta Markina Xemeingo Aimar Ibarlozari.
Final gogorra izan zen, ia ordubetekoa eta 464 pilotakadakoa. Uribe eta Apezetxea aurretik hasi ziren, 8-2, 9-4 eta 12-5. Baina Murua eta Ibarlozak partida berdintzea lortu zuten, hamalauna, hamazazpina eta hemeretzina. Azken hiru tantoak, baina, Uribek eta Apezetxeak lortu zituzten.
Txapeldunaren txapela eta sariaz gain, nobleziaren saria ere eskuratu zuen Antton Apezetxeak, Abel Barriolaren eskutik.
Jubenil mailako finalean, Irribarriak eta Iztuetak 22-15 irabazi zieten Egiguren eta Ugartemendiari.