Beotibarko gudaren 700. urteurrenean, «Nazio bereko herritarrak garela» aldarrikatu dute Uli mendian

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 20a, 18:00

Ezaguna da Beotibarko gatazkaren kondaira, 1321eko irailaren 19an gertatua eta nafarren eta gipuzkoarren arteko gatazka gisa aurkeztua izan dena. Eta atzo, 700 urte beranduago, Leitza, Berastegi, Larraun eta Lizartzako udal ordezkariek «anai-arrebak garela eta hau ez dela 'mugako lurraldea', ezta 'gaizkileen muga' ere» argi utzi nahi izan zuten Uli mendian, «gure arbasoak urtero tregoak egiteko, akordioak lortzeko eta bakeaz hitz egiteko biltzen ziren lekuan».

Mikel Zabaleta Leitzako alkatearekin batera, Berastegi, Larraun eta Lizartzako udal ordezkariak bildu ziren atzo Uli mendian. Gogoratu zutenez, «duela zazpi mende gure arbasoak urtero biltzen ziren Uliko leku honetan, tregoak egiteko, akordioak lortzeko eta bakeaz hitz egiteko, gaur egiten ari garen moduan».

«Iragana etorkizunaren zati bat dela» adierazi zuten, «horregatik gaude hemen, beti izan garena izaten jarraitzen dugulako, inolako mugarik markatzen ez duen herri baten bi aldeetako anai-arrebak». Gisa berean, «duela mende asko bezala, gaur egun ere denok nazio bereko herritarrak garela» aldarrikatu zuten, «anai-arrebak garela eta hau ez dela 'mugako lurraldea', ezta 'gaizkileen muga' ere, euskararen gunea baizik, milaka urtez guztion elkarbizitzarako habia, hain zuzen».

Horrekin batera, «ulermen protokoloa» sinatu zuten, «kultura eta gizarte-ongizate proiektuaren, eta oro har, bizilagunen bizi baldintzak hobetzen dituzten eta gure eskualdeko herri eta haran guztien adiskidetasuna eta bizikidetza sustatzen lagunduko duten proiektuetan lankidetzan jarduteko borondatea» adieraziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun