Jende ugari bildu da Leitzako Talo Egunean

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 20a, 16:00

Plazaola Partzuergo Turistikoak eta Leitzako Udalak antolatuta, Talo Egunaren XVI. edizioa egin zuten atzo, igandean, Leitzan. Goizez eta arratsaldez, taloaren bueltan hainbat hitzordu izan zituzten, eta horrez gain, artisau azoka ere izan zuten.

Saralegi talogileen kutixiak dastatzeko aukera izan zuten atzo Leitzako plazara hurbildu ziren hainbat eta hainbat lagunek. Horrez gain, artisau azoka ere egin zuten eta 25 artisauk parte hartu zuten, tartean, hainbat herritarrek: Gorritz baserrikoak, Txokosfera, Paul (bitxiak), Ekhi (margoak) eta Begoña (jatekoa). Horiez gain, larrua, bitxiak, egurra, gazta, eztia, ukenduak... denetarik plazaratu zuten artisauek.

Talo tailerra eta lehiaketa izan ziren eguneko beste hitzorduak. Umeentzako talo tailerrera 200 bat ume hurbildu ziren, eta norberak bere taloa egiteko eta dastatzeko aukera izan zuen. Helduentzako talo lehiaketak ere ez zuen hutsik egin. 11 lagunek parte hartu zuten eta aurtengo txapelduna Maite Agirre izan zen.

Arratsaldean JD Porruren ikuskizunak eman zion egunari bukaera.

Argazkiak: Julian Zabaleta, Eneritz Iraola eta Juan Mari Barriola.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun