Josetxo Urrutia Baleztena

«Txapelarekin borobildu dut herri kirolean nire hogeigarren urtea»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 19a, 11:00
Josetxo Urrutia harri borobilarekin lanean. Hogei urte bete ditu herri kirolean.

Josetxo Urrutia duela 44 urte jaio zen Leitzan, baina Beintza-Labaienekin lotura handia dauka, ama bertakoa izaki. Ezkonduta Betelun bizi da. Mekazinatuko enpresa batean aritzen da karga-deskarga lanean, garabiarekin Lekunberrin, baina herri kirolen munduan egin du bere lekua.

Nafarroako harri-jasotze txapelketa irabazi berri du, laugarren aldiz, abuztuaren 21ean Lekunberrin jokatutako saioan. Baina ingude altxatzen ere Nafarroan eta Euskal Herrian txapeldun izana da, gurdi jokoan ere Nafarroan txapeldun, txingekin aritua, sokatiran Berriozarko taldearekin probatua… Etorkizunean ere urte batzuk eman nahi lituzke plazaz plaza, horixe baita herri kirolean gehien gustatzen zaiona: «daukazuna eman eta norbere buruarekin gustura gelditzea».

Nafarroako harri-jasotze txapelketa irabazi berri duzu… Zer suposatzen du horrek zuretzat?

Laugarren aldiz irabazi dut eta hamalautan txapeldunorde izan naiz. Berezia izan da, hogei urte bete baitira herri kirolean hasi nintzela, 2001ean. Ilusio berezia egin dit. Urte batzuk badira hemen nabilela eta txapela lortzea urteurrena ospatzeko eta pastelari ginda jartzeko modua izan da.

Pena, halere, bi harri-jasotzaile besterik ez izatea… Nola ikusten duzu harri-jasotzearen etorkizuna?

Pena da bai. Nafarroan, ni hasi nintzenetik asko moteldu da kontua harri-jasotzen, aizkoran beti izan da afizio gehiago, jende gehiago atera da. Harri-jasotzen eta ingudean eta horrelakoetan gorabehera gehiago izaten dira. Urteren batean bost ere aritu izan gara harri-jasotzen, bestetan bi bakarrik… Nafarroan beharbada ez dugu harri-jasotzen halako afiziorik izan… Kontraesana dirudi, harri-jasotzailerik ezagunenak eta pisu handiena jaso dutenak Nafarroan, Leitzan bertan ditugulako: Perurenatarrak eta Saralegi. Izen handiak dira, baina atzetik ez dute segida handirik izan.

Izen handiak ez ezik, harri handiak ere badira horiek ibiltzen dituztenak… Zuk ere izan duzu harri handiekin probatzeko modurik edo aukerarik?

Pisu handietara joateko mutil handia izan behar duzu. 200 kilo erraz jasotzeko ehun kilo pasatuak izan behar dituzu, mutil sendoa izan behar duzu, bestela ezinezkoa da. Etxe bat eraikitzerakoan bezala, oinarri ona izan behar duzu, pilare onak… Ni beti 75-80 kilo artean ibili izan naiz eta ez daukat pisu horiek altxatzeko gairik, ezinezkoa da… Gaia izanez gero gustura saiatuko nintzateke! Nik altxatu dudan handiena 177 kilokoa izan da, txapelketa bat prestatzen. Ez nuke askoz gehiago altxatuko igual! Beti izan dut begi bistan 200 kiloko zenbaki borobil hori, baina ez naiz saiatu ere egin… beti txapelketak izan ditugu, dela Nafarroakoa, dela Euskadikoa, hori ere polita da eta ez dugu beste harri handiagoetan zentratzeko modurik izan, eta hori ere beharrezkoa da.

«Etxauriko harria da kuttunena niretzat»

Josetxo URRUTIA, harri-jasotzailea

Euskal Herriko txapelketan ere aritzen zara, baina hor txapela garesti egonen da…

Hor harri-jasotzaile gehiago ari dira eta maila handikoak gainera… Hori futbolean Europa League jokatzea bezala da eta ni, ez nuke erregionalekoa esango, baina bigarren mailakoa naiz horien artean. Euskadiko txapelketan lehiatu naiz, baina zaila izaten da hor aurrean ibiltzea. Denak ez dira Izeta, baina denek maila handia daukate.

Harri txikiekin aritzen zara, zein da gehien gustatzen zaizuna…

Igual zilindrikoa aipatuko nuke, ehun kiloko zilindro zaharrarekin oso gustura aritzen naiz.

Han eta hemengo herrietako eta auzoetako erakustaldietan eta apustuetan, harri bereziak ere izaten dira, forma berezikoak… Zein izan da orain arte topatu duzun bereziena? Eta altxatzeko zailena?

Niretzat kuttunena Etxauriko harria dela esango nuke. Igeldoko harriaren antzekoa da, 136 kilokoa, eta nahiko konplejoa da altxatzeko, baina horretaz gain, herriko jendeak oso ongi hartzen ninduen eta gustura sentitzen nintzen herri horretan. Ez harriarengatik hutsa, herriak egiten dizun harrera ere polita da. Igeldokoa ere berezia da, altxatzeko harri zaila da, Donostian zaude, telebista pila bat inguruan, oihartzun handiagoa dauka beharbada, baina niretzat kuttunena Etxaurikoa da. Eta altxatzeko zailena Igeldokoa da niretzat, gorputzez luze xamarra izatea eskatzen baitu eta ni ez naiz hala.

Harri-jasotzen ez ezik, ingude altxatzen ere aritzen zara… Nafarroako eta Euskal Herriko txapeldun izan zara modalitate horretan… Harri-jasotzearekin konparatuta erabat teknika ezberdina beharko da…

Oso esplosiboa da bai, minutu eta erdiko lana, baina entrenatzeko errazagoa da. Nire kasuan harri-jasotzeko entrenamenduaren oinarria hor daukazu, fondoa… teknika pixko bat garatu eta gustura aritu naiz, ongi moldatu naiz. Euskal Herrikoa behin irabazi nuen, 2015ean, bi urtez kolpe bakarrera gelditu nintzen txapeldunorde, baina Nafarroako txapela zazpi aldiz lortu dut.

«Pentatloiak tentatzen nau, erakargarria ematen du»

Josetxo URRUTIA, harri-jasotzailea

Gurdi-jokoan ere aritua zara txapelketetan… Zer moduz? Kanpotik ikusita, behar bada gogorrena ematen du…

Hor ere Nafarroako bi txapel lortu ditut eta Euskadikoan behin parte hartu nuen, baina lehen esan dizudana: hor gurdia eramateko zaldi handiak zeuden! Iparraldeko kirolariek lehia handia ematen dute modalitate honetan, Lapurdiko bat bada oso ona, Ousmane Drame bizkaitarra ere hor dabil indartsu azken urteetan… Halere, ez nuke esango gogorrena denik, niretzat harri-jasotzea gogorragoa da. Sokatira ere probatu dut, urte bat egin nuen Berriozarrekin, hasi berriak zirenean, eta hori ere nahiko gogorra izan zen: ez zara zu bakarrik ari, taldearekin batera aritu behar duzu, esperientzia gazi-gozoa izan zen.

Beste modalitaterik ere probatu duzu? Edo probatzeko asmorik? Pentatloia ere hor ageri da azken urteetan indartsu…

Txingekin ere aritu naiz. Nafarroako txapelketan aritu izan naiz, baina hirugarren postutik ez naiz pasatu, ez ditut esku onak horretarako… Pentatloiak tentatzen dit, erakargarria ematen du: kirol ezberdinak biltzen ditu eta horietako bat baino gehiago probatua naiz eta eginen nuke proba. Joan den urtean Baionan Euskal Herkulea proba antolatu zuten, zortzi kirol bilduz, eta gustatu zitzaidan esperientzia. Gogorra izan zen, baina polita. Iparraldeko sei kirolari eta Nafarroako bi izan ginen. Lasto altxatzea ere sartua zen eta inoiz probatu gabea nintzenez, sekula entrenatu gabea, hor galdu nuen dexente.  Sufritu nuen baina gustatu zitzaidan, erakargarria iruditu zitzaidan.

Bitxikeri bezala, patinatzea ere gustuko omen duzu… Itxura batean, ez dirudi herri kirolak eta patinajeak zerikusi handirik dutenik…

Pixko bat ibiltzen naiz patinatzen bai, gurpil gainean, izotz gainean probatu dut eta ez zait gustatzen. Ez dauka herri-kirolarekin batere zerikusirik, egia da, baina garai batean ikastaroren bat egin nuen, probatu nuen eta gustatu egin zitzaidan… Probatu gabe ez dago jakiterik eta probatu eta gustatzen baldin bada, aurrera!

«Bitxia dirudi baina patinatzea ere asko gustatzen zait»

Josetxo URRUTIA, harri-jasotzailea

Etorkizunera begira zer asmo dituzu kirol arloan?

[Arnasa sakon hartu du, pentsakor] 44 urte beteak dauzkat eta hogei urte egin ditut herri kirolean, bere apalean, egin ditudan markak hobetzea zail ikusten dut. Orain, niri plaza beti gustatu izan zait eta etorkizunean ere gustako zait seguraski. Beraz, urte batzutan behinik behin plazan disfrutatzen segitzea gustatuko litzaidake. Plazara joan, daukazun guztia eman, norbere buruarekin eta lanarekin gustura gelditu, ikusleak gustura daudela ikusi… hori gauza ederra da niretzat.

Zein izan da herri kirolak utzi dizun oroitzapenik gozoena?

Pisu bikoitzean apustua jokatu nuen 2016ko abenduaren 3an, Nafarroako Egunean, Lasarteko Urtzi Telleriaren aurka. Gogorra izan zen prestakuntza, baina beharbada herri kirolean izan dudan momenturik ederrena izan zen. Ez irabazi nuelako bakarrik, hori ere ongi dago, gustura gelditu nintzen egindako lanarekin. Gorabeherak izan nituen, orduan aita ingresatua neukan minbiziarekin, badakizu, burua bi aldetan daukazu aldi berean…  berari eskaini nion garaipena. Momentu berezia izan zen nire bizitzan eta nire bizitzako momenturik onena kirol ibilbidean. Aita ere gustura gelditu zen eta betirako hor gelditzen diren oroitzapenak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun