Aimar Olaizolak azaroaren 13an jokatuko du bere azken partida, Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 15a, 11:39

Jose Ramon Garai Baiko Pilota enpresako zuzendari nagusiarekin batera prentsaurrekoa egin du gaur Aimar Olaizola Goizuetako pilotari handiak Bilboko Bizkaia frontoian. Eta orduan iragarri du pilota profesionala utziko duela, azaroaren 13an, 42 urte beteko dituen egunean, sorterrian. «Nire pilota ibilbideari amaiera jartzeko momentua ailegatu da», adierazi du. 

Goizuetako aurrelariak 1998ko apirilaren 12an egin zuen debuta Lekunberrin eta geroztik, 23 urtez, palmares ederra osatu du:

  • Buruz buru lau txapel jantzi ditu (2005, 2007, 2012, 2013)
  • Lau eta erdian zazpi aldiz txapeldun izan da (2002, 2004, 2005, 2008, 2011, 2012, 2013),
  • Binakakoan hiru aldiz  jantzi du txapela (2008, 2011, 2016)
  • Buruz buruko txapelketan sei aldiz txapeldunorde izan da (2003, 2006, 2009, 2011, 2015, 2018)
  • Lau eta erdikoan behin gelditu da txapeldunorde (2014)
  • Binaka bortz aldiz txapeldunorde izan da (2003, 2006, 2009, 2014, 2020)
  • Nafarroako lau eta erdikoan bertze sei txapel jantzi ditu (2005, 2007, 2009, 2014, 2015, 2017)
  • Bigarren mailan, buruz burukoan, txapeldun izana da (1999)

Oraindik beste txapel bat janzteko aukera ere badu goizuetarrak: Caixabank Masterseko finala jokatuko du igande honetan, irailaren 19an, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Jose Javier Zabaleta izanen du atzean, eta Danel Elezkano eta Jon Mariezkurrenaren aurka ariko dira.

Gaurko prentsaurrekoan, gurasoei eta bikotekideari eskerrak eman nahi izan dizkie: «gurasoei, 18 urte nituenetik pilotan joka nezakeen toki guztietara eramateagatik. Azken urteotan, emaztea izan da aguantatu nauena. Badu meritua eta oso eskertua nago». Asperi eta Asegarceri (orain Baiko) ere eskerrak eman nahi izan dizkie, «nire bigarren familia izan da. Enpresan oso eroso sentiarazi naute». Pilotako jarraitzaileei, komunikabideei eta herritarrei ere eskerrak eman dizkie. Iñigo Simon, Mikel Sanchez eta Itxaso Sanchez eta Bixente Artola ere gogoan izan ditu lesioetatik osatzen laguntzeagatik.

Etorkizunean zer eginen duen ez du argitu goizuetarrak, «burua datorren bi hilabeteetan dut». «Azken aldian pixka bat nekatuta» sentitu dela ere gaineratu du, «tentsioagatik batez ere».  Baiko Pilotako zuzendari nagusiak ere «Aimarren etorkizunari buruz erabakirik ez dutela hartu» argitu du: «Berak denbora hartu nahi du, deskantsatu eta pilota utzi ondotik zer egin nahi duen ikusi». Garaik, bestalde, «XXI. mendeko pilotari onena» dela esan du: «beste pilotari batzuekin batera, mugarria izanen da pilotaren historian».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun