Juan Jose Lasarte

«Minbiziaren aurka immunoterapia asko hobetzen ari da»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 12a, 08:00
Juan Jose LASARTE SAGASTIBELTZA, immunologian katedratikoa

Juan Jose LASARTE SAGASTIBELTZA, immunologian katedratikoa.

Biologia zientzietan lizentziaduna, zientzietan doktorea eta immunologian katedratikoa da Lasarte leitzarra. 30 urte daramatza ikerkuntzan eta azken urtebetean Covid-19aren aurkako txertoa garatzen aritu bada ere, minbiziari aurre egiteko immunoterapia berri bat hobetzen ari da bere lantaldearekin.

Minbiziari aurre egiteko immunoterapia teknika berritzailea identifikatu du berriki ikerlari talde batek, «orain arteko terapiek ez bezala, gorputzaren defentsak indartzea oinarri duen teknika». Eta ikerketa lerro horretan buru-belarri aritu den ikerlarietako bat da Juan Jose Lasarte Sagastibeltza (Leitza, 1965). Horixe da 30 urtez ikerketan egin duen ibilbidean lortutako bere azken emaitzetako bat, dioenez, «minbizia gainditu ondotik pazientea berriz ez eritzea» helburu duena, eta «dena ongi ateraz gero, behin ematearekin aski» dena. Biologia zientzietan lizentziatua da leitzarra eta zientzietan doktorea eta immunologian katedratikoa. Gaur egun, Nafarroako Unibertsitatean Immunologia irakaslea da eta CIMA ikerketa zentroko Immunologia eta Immunoterapia programako zuzendaria. Hainbat patenteren sorkuntzan parte hartu du, baita liburu eta artikulu askotan kolaboratu ere.  

Zein dira Immunologia eta Immunoterapia programan esku artean dituzuen proiektuak?
Gure helburu nagusia minbiziaren aurkako terapiak garatzea da. Orain dela 30 urte, laborategian hasi ginenean, bereziki gaixotasun infekziosoei begira aritzen ginen. Garai hartan, HIESaren birusa zen ahoz aho zebilena eta horren aurkako txertoak garatzen saiatu ginen. Horrez gain, C hepatitisaren aurka ere lan asko egin genuen. Gero, C hepatitisaren eta minbiziaren arteko lotura ikusita, minbiziaren aurkako terapiak eta txertoak lantzeari ekin genion, eta tartean, zerbix edo umetoki-lepoko minbiziari aurre egiteko txertoa garatu genuen. Orain, berriz, immunoterapia erabiliz minbiziaren kontra buru-belarri ari gara. 

Minbiziari aurre egiteko immunoterapia estrategia berri batekin ari omen zarete...
Bai, hori da. Orain arte, minbiziari aurre egiteko terapien jomuga tumore zelula zen. Kimioterapiaren helburua, adibidez, tumore zelula hiltzea da. Immunoterapia estrategia honek, ordea, zuzenean tumorearen kontra egin beharrean, gorputzaren defentsak indartzen ditu. Gorputzean gaixotasunen eta infekzioen kontrako defentsa batzuk ditugu eta teknika honek linfozitoak deitzen diren defentsak aprobetxatzen ditu. Linfozitoek oro har ezagutzen dute gaixo dauden zelulak zein diren, baina beti ez. Teknika berritzaile honekin linfozitoak eraldatzen ditugu gaixorik dauden zelulak ezagutzen ikas dezaten. Horretarako, gaixoaren linfozitoak atera eta laborategian genetikoki eraldatzen dira, ondotik pazienteari berriz sartzeko, tumore zelula bilatu eta deusezta dezaten. Adopziozko zelula-terapia deitzen zaio.

Beste terapiekin konparatuz zein abantaila izan ditzake?
Terapia honekin gaixoak ez luke terapia jarraitu baten beharrik izanen. Kimioterapiako saioak, esaterako, astero edo hilabetero egiten dira eta terapia asko ia tratamendu kronikoak dira. Kasu honetan, ordea, bizirik dagoen tumorearen aurkako zelula sartzen denean, zelula bizi hori gorputzean mantentzen da eta momentu oro babesten du. Dena ongi ateraz gero, behin emanez gero, pazientea berriz ez gaixotzeko babestua geldituko litzateke. Hori da terapia honek izan dezakeen abantaila handienetariko bat. Horrez gain, terapia hauek oso espezifikoak eta selektiboak dira eta askoz ere toxikotasun txikiagoa dute. Kimioterapiak gaixorik dauden zelulak hiltzeaz gain, osasuntsuak ere hil ditzake, eta beraz, toxikotasun altuagoa du.
 
Immunoterapia estrategia honekin minbizia baten ondoren berriz ez eritzea posible dela diozu?
Hori da helburua. Gaur egungo immunoterapiak ez dira perfektuak, baina helburua pazientea berriz ez eritzea da, terapia honek defentsak indartzen dituelako eta defentsa horiek beti gorputza zaintzen egonen liratekeelako. Txikitan txertoa jartzea bezala da, behin jarri eta urte askotarako babesten zaitu. Eta immunoterapiarekin hori lortu nahi dugu.  

«Pazienteak tratatzeko modua aldatu da. Lehen kimioterapia zen estrategia nagusia eta orain immunoterapia nabarmen hobetzen ari da»

Terapia martxan da?
Nafarroako Unibertsitatea klinikan entsegu kliniko batzuk martxan jarri dituzte eta beste zentroetan ere gisa honetako terapiak egiten ari dira. Emaitzak oso itxaropentsuak dira. Leuzemia linfatiko akutuen aurka, esaterako, oso eraginkorra da. Beste batzuetan ez hainbeste, baina hobetu nahi dugu. Badira bestelako immunoterapiak ere, eta asko onartuak direnak, eta guztien helburua gorputzaren defentsarako gaitasuna indartzea da. Pazienteak tratatzeko modua aldatu da. Lehen kimioterapia zen estrategia nagusia eta orain immunoterapia nabarmen hobetzen ari da. 

Beste terapiak desagertuko lirateke edo denen beharra ikusten duzu?
Denen beharra dago, konbinatu behar dira. Kimioterapia ez da nahikoa, eta immunoterapia asko hobetu da baina denak behar dira: erradioterapia, kimioterapia, immunoterapia... Kirurgia ere ez da ahaztu behar. 

Ekonomikoki errentagarria da?
Oso garestia da. Adopziozko zelula-terapia hauek laborategiko lan handia eskatzen dute eta horrek prezioa asko igotzen du, 200.000-250.000 euro paziente bakoitzeko. Hala ere, produkzio prozesuak hobetu ahala, immunoterapiaren prezioa asko jaisten ari da. Merkeagoa izatea izanen litzateke beste erronka, ahalik eta herritar gehienengana ailegatzeko. 

Leitzarra behean eskuinean, CIMA ikerketa zentroko Immunologia eta Immunoterapia programako ikerlariekin. Goitik behera eta ezkerretik eskuinera: Aritz Lasarte, Pablo Sarobe, Sandra Hervas, Flor Navarro, Celia Martin, Marta Gorraiz eta Teresa Lozano.

Koronabirusaren kontrako txertoa garatzen ere aritu zara...
Orain dela 30 urte, infekzio biralen kontrako txertoak garatzen aritu ginen, baina minbiziaren aurkako borrokan lanean hasi ginenean alde batera utzi genuen. Pandemia indarrean sartu zenean berriz lanean hasi ginen, eta birusaren sekuentzia identifikatua zenez, 20-30 urte lehenagotik genuen informazio hori aprobetxatuz Covid-19 gaitzari aurre egiteko txertoaren prototipoa sortu dugu. Bagenekien proteina zatiekin txertoak egiten, eta Covid birusaren zatitxoetan oinarritutako txertoa sortu dugu. Pfizer edo Moderna RNAn oinarrituak dira, eta gure txertoa proteina zatitxoak dira. Helburu bera dute baina sistema diferentea. Saguetan funtzionatzen duela ikusi dugu, zatitxo horiek konbinatuz birusa neutralizatzen duten antigorputzak eragiten dituela, eta orain lan horiek argitaratzeko prozesuan gaude. Hurrengo pausoa gizakietan, boluntario osasuntsuekin, entseguak egitea izanen litzateke, baina horretarako dirua behar da eta ez da erraza lortzea. Hasieran jendeak interes handia zuen entsegu klinikoak mugiarazteko, baina orain ez, badirelako beste txertoak. 2020ko martxoan, konfinatu gintuztenean, lanean gogor hasi ginen, hori egiteko beharra sentitu genuen. Denbora laburrean esperimentu asko egin genituen eta oso kontent gaude egindakoarekin, baina interesa asko apaldu da eta asko atzeratzen ari da. 

Zer esanen zenuke gaur egun jartzen ari diren txertoez?
Onak direla eta ongi funtzionatzen dutela. Baina birusa aldatzen, mutatzen, ari da. Birusa bat-batean geldiarazteko munduko biztanleria osoa txertatzea izanen litzateke idealena, baina hori ezinezkoa da, herrialde askok ez dutelako txertatzeko aukerarik, eta herrialde horietan birusa garatzen ari da. Infekzioa bat- batean geldiaraztea ez denez lortuko, aldaera berrien aurka babesteko txertoak hobetu eta aldatzeko etengabeko esfortzua egin beharko da. Ez dakit gripearen birusa bezala izanen den, hau da, urtero txertoa izatea, baina etengabeko zaintza eta kontrola beharko dira. Gazteengan ez du hainbeste eragiten, eta hori abantaila handia da. Bereziki jende zaurgarria zaindu beharko da.

Txertoek aldaera berrientzat balio dutela iruditzen zaizu?
Bai, baina eraginkortasuna ez da hain handia. Adibidez,  hasierako aldaeraren aurka eraginkortasuna % 90ekoa izan daiteke, eta indiar edo delta aldaeren kontra % 50-60koa edo txikiagoa. Oso zaila da aurretik esatea, baina aldaera berri bat ager daiteke eta eraginkortasuna murriztu. Enpresek bertsio berriak sortuko dituzte aldaera berrien kontra. Horregatik diot etengabeko zaintza beharko dela.

Birus honen inguruan zer nabarmenduko zenuke?
Birus honek gauza kurioso bat egiten du. Infektatzen denean, hantura sortzen du, baina ez du birusaren aurka babesten, hantura hori bera da hiltzen zaituena. Hanturak normalean babestu egiten du, baina birus honek hantura hori esterilizatzailea ez izatea eragin du, eta ondorioz, birusa ez da desegiten. Hala, biriketan hantura sortzen du eta horrek eragiten du likidoz betetzea eta arnasteko zailtasunak izatea. 

«Kutsakorragoak diren aldaera berriak agertzen ari dira eta neurriak beharrezkoak dira»

Birus hau bukatzetik urruti gaude?
Hasieran infekzioa azkar kontrolatuko genuela pentsatzen nuen, baina gure bizimoduarekin zaila da. Ez gaude konfinatzeko prestatuak, jarduera sozialak behar ditugu eta birusak transmititzen segitzen du. Kutsakorragoak diren aldaera berriak agertzen ari dira eta neurriak, hau da, maskara erabiltzea, segurtasun tartea mantentzea... beharrezkoak dira, zabalkundea geldiarazten laguntzen dute. SARS-CoV-1a Txinan bertan kontrolatzea eta desagertzea lortu zuten, baina Covid-19a eragiten duen SARS- CoV-2a mundu osoan zabaldu da eta kontrolatzea zaila da. Txertoekin partzialki kontrolatuko da baina birusak zirkulatzen segituko du. Talde immunitatea lortuko bagenu, herritarren gehiengoak antigorputzak izanda... Gerta daiteke birusa naturalki desagertzea, munduko portzentaje handi bat infektatu eta babestuak gelditzea; txertoak egiten ez duena infekzio naturalak egin dezake, baina zaila da zer gertatuko den aurreikustea.

Neurri egokiak hartu dira?
Pasatutakoaz hitz egitea errazagoa da, baina konfinamendua beharrezkoa izan zela uste dut. Maskararekin nahiko mantso ibili ginen, eta neurriak lehenagotik hartu izatera agian bizitzak salbatu izanen genituen, eta hori da inportanteena. Baina infekzioa beste lekuetatik ailegatu izanen zen, jendearen mugikortasuna izugarri handia delako. Alde horretatik, agerraldi berriak etorriko dira, baina hobeki kontrolatuko dira, klinikoek asko ikasi dutelako. Kontua da, herritarrak ezin direnez mugarik gabe konfinatu, segurtasun neurriak mantentzea beharrezkoa dela erakutsi behar dugula. Oso zaila da neurriak hartzearen garrantziaz jendea kontzientziatzea, alde guztietatik hau serioa dela esan arren, zaila da konbentzitzea, baina arriskuan gaude, hau ez da tontakeria bat, eta erne egon behar dugu. 

«Beti badira pandemia bihur daitezkeen arriskuak»

Gisa honetako pandemia gehiago izanen ote dira?
Urte asko zeramatzaten hau gerta zitekeela esanez. Denbora jakin batean behin errepikatzen dira eta hortaz, gerta daiteke pandemia eta birus gehiago agertzea, igual hamarnaka urteren buruan, edo beharbada hiru urteren buruan. Ezin da aurreikusi. Azken urteotan arriskua ikusi dugu: hegazti gripea, txerri izurria... Beti badira pandemia bihur daitezkeen arriskuak eta horregatik oso garrantzitsua da politikariak eta gizartea etengabeko zaintzaren beharraz kontzientziatzea. 

«Zientzian inbertitzea bizi kalitatean inbertitzea da»

Zientzian gehiago inbertitu behar dela uste duzu?
Bai, dudarik gabe, oso gutxi inbertitzen da. Horrekin batera, estatu espainiarrean donazioak egiteko ia ez dago ohiturarik. AEBn, aukera duen jendeak zientziara asko bideratzen du, eta ekarpen pribatua publikoa bezain garrantzitsua da. Estatu espainiarrean, ordea, laguntza publikoaren eta zenbait enpresa pribaturen finantzazioaren menpe gaude eta portzentaje hori oso baxua da. Zientzian inbertitzeak merezi du, zientzian inbertitzea osasunean inbertitzea delako, bizi kalitatean inbertitzea. Eta mota guztietako zientziaz ari naiz: osasuna, teknologia...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun