Hodei Lujanbio

«Entrenatzen eta hobetzen jarraitzeko motibazioa behar da»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 11a, 13:00

«Oso pozik». Uda aurreko denboraldia borobilduta halaxe dago Hodei Lujanbio mendi lasterkaria. Eta badu hala egoteko arrazoirik, Navartrail Kopa irabazita, «urteko helburu nagusia ongi bete» duelako eta «emaitza bikaina» lortuta, gainera. 

Kopako bost lasterketetan lortuko emaitza onek eman diote Nafarroako Kopako garaipena Goizuetako lasterkariari, eta «oso balorazio ona» egin du. Antzinen jokatutako Betagarri Trailen laugarren postua eskuratu zuen. «Lehen lasterketa arraroa izan zen. Nafarroa eta Gipuzkoako muga itxita zegoen eta lasterketara federatua nagoelako joan ahal izan nintzen, baina beti lagun izaten dudan bikotea gabe...». Edozein kasutan, «gustura» gelditu zen laugarren postuarekin eta hortik aurrerakoak hobeak izan ziren: Leringo lasterketan bigarren egin zuen eta Andosilla, Zarrakaztelu eta Faltzesko lasterketetan aurrenekoa sailkatu zen.

Urteko helburua

Kontatu duenez, «urte hasieran, Covid-19agatik oraindik lasterketa askorik ez zegoenean, Nafarroako Federazioak kopa hau antolatu zuela ikusi nuen, eta urteko helburutzat hartu nuen, bost lasterketekin martxotik abuztura lehiatzeko aukera emanen zidalako eta entrenatzen eta hobetzen jarraitu ahal izateko motibazio bat behar izaten delako».

Navartrail Kopa irabazita denboraldi bukaeran eginen den Atletismoaren Galan hartuko du garaikurra Lujanbiok, eta hori datorren urte hasieran izanen da, Iruñean.

Selekzioarekin

Baina beste ate bat ere ireki dio kopa irabazi izanak: «2022an Nafarroako Selekzioarekin Espainiako Autonomia Erkidegoen Trailrunning Txapelketara joateko txartela eskuratu dut». Ez hori bakarrik, «kopan lortzen ari nintzen emaitzak ikusita, Espainiako txapelketa horren aurtengo ediziora joateko deitu zidaten eta bi aldiz selekzioarekin aritzeko aukera izanen dut». Aurtengoa abuztuaren 7an egin zuen La Palma uharteko (Kanariak) Reventon El Paso lasterketan: «Esperientzia ezin hobea izan zen eta gainera oso postu onak lortu genituen, selekzioarekin zazpigarren eta pertsonalki 21. postuan».

Bistan da ez dagoela geldirik egoteko, eta «abuztuan aste pare bateko atsedena» hartu badu ere, irailean eta urrian beste hitzordu batzuk ditu begiz joak: «Axari Trail, Gorbeia Suzien... Urtea bukatzeko, urriaren 17an, Malagan, Espainiako Kluben arteko Trainrunning Txapelketara joanen naiz. Taldeko batzuk animatu gara eta lehenengo aldiz klubarekin Espainiako txapelketa batean izanen naiz».

Horren ondoren bai, «mendiko lasterketetan atsedena» hartuko duela aitortu du Lujanbiok. Hala ere, ez da denbora luzerako geldialdia izanen, laster «datorren urtea planifikatzen hasteko» asmoa baitu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun