Datorren astean hasiko dituzte Goizuetako mediku kontsultategia berritzeko lanak, eta dena bide onetik badoa, azaro bukaerarako amaituko dituztela aurreikusi du udalak. Hala jakinarazi digu Unai Miranda alkateak. Tarte horretan hainbat lan eginen dituzte, kontsultategia berritzearekin batera, larrialdiak artatzeko gune berri bat egokituko dute eta komunak irisgarri bihurtuko dituzte. Lanak, guztira, 50.000 euro inguru kostako dira eta Osasunbideak osotasunean ordainduko ditu.
Gizarte zerbitzua udaletxera
Berritze lanek irauten duten bitartean, «bi hilabetez», medikuak eta erizainak Errekaundi pasealekuan pasatuko diete herritarrei kontsulta, orain arte gizarte zerbitzuen egoitza izan den tokian, hain zuzen.
Aldaketa horiek direla eta, gizarte zerbitzua udaletxera eraman dute eta hango bigarren solairuan ematen dute zerbitzua. Hala ere, aurretik hitzordua hartu beharko da Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera, 948 51 08 40 zenbakira, deituta.