Bertan behera gelditu da Aresoko Mendi Martxa

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 3a, 18:00
Aurten ez da Aresoko Mendi Martxarik izango.

Momentuko egoera kontuan hartuta ekitaldia atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.

Gauzak ongi bidean, iraileko aurreneko igandean egitekoa zen Aresoko mendi martxa, baina zuhurtziaz jokatu eta azkenean bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Uztail bukaeran egin zuten herritarrek Kirol Mankomunitateko arduradunarekin bilera eta momentuko egoera epidemiologikoa kontuan hartuta ekitaldia atzeratzea erabaki zuten. Gauzak horrela, 2021ean hamahirugarren edizioa ospatzeko modurik ez dela izanen uste du Jose Otermin alkateak.

Nafarroan antolatu ohi diren beste mendi martxa guztiak ere bertan behera gelditu direla azaldu du kirol teknikariak: «jende pilaketa handiak sortzen dira halako egunetan, antolatzeko orduan ere bai... Areson gainera paella izaten da parte- hartzaile guztientzat bukaeran eta hori gaur egungo neurriekin kudeatzea ia ezinezkoa da. Jendeak bukaerara arte eutsi nahi izan dio ekitaldia egin ahal izateko aukerari, baina argi ikusi dute ez zela posible».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun