Salsamendi eta Orbegozo nagusitu dira Leitzan Plazaz-Plaza txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 30a, 09:00

22-12 irabazi zieten larunbatean Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendiri

Hamalau jardunaldi eta hamazazpi partida jokatu ondotik, larunbatean Leitzan Plazaz-Plazako final handia jokatu zuten. Plaza ederra da Leitzakoa baina finalean bezala betetzen denean are eta ederragoa. Aldaregia eta Ruiz de Larramendi irabazten hasi ziren arren, azkenean Salsamendi eta Orbegozo ongi nagusitu ziren (22-12).

Finalari hasi baino lehen Leitzako pilota eskolako nesken txanda izan zen. Haiekin batera Sunbillatik ere beste bi pilotari gazte batu zitzaizkien eta bi partidu eder eskaini zituzten, emakumeen pilotak etorkizuna duela erakutsiz.

Finalean bi bikote handi elkarren aurka aritu ziren txapel preziatuaren bila. Jokoan zutenaren tentsioa nabaritu zen lehenengo tantoetan eta kosta egin zitzaien urduritasuna alde batera uztea. Hobeto hasi zen bikote gorria, markagailuan 6-1koa jarrita urdinen huts batzuk baliatuz. Hala eta guztiz ere pixkanaka kantxari egokitu eta partidan sartzen hasi ziren Laia Salsamendik jokoa berak nahi zuen lekura eramaten zuen bitartean. Partidu erditik aurrera urdinek jarri zuten musika eta gorriak dantzan ibili behar izan zuten. Defentsa lan handia egin zuten arren ez zen nahikoa izan urdinen joko bolada ona gelditzeko. Horren erakusle izan zen partidua amaitzeko Laia Salsamendik txokoan utzitako gantxo ederra.

Honenbestez aurtengo Plazaz-Plazako txapela Salsamendi-Orbegozo bikotearentzat izan zen, txapelketa guztian partidu bat bera ere galdu gabe.

Sari banaketa

Txapeldunik ez da txapelik gabe, horregatik partidua bukatu bezain laster sari banaketari ekin zitzaion, horretarako hurbildu ziren gonbidatu bereziei txanda emanez: Javier Conde (Nafarroako Pilota Federazioko lehendakaria), Saioa Sagastibeltza (Leitzako udaleko ordezkaria), Oinatz Bengoetxea (pilotaria) eta Gorka Arizmendiarrieta (Lacturaleko ordezkaria).

Egun handia beraz larunbatean Leitzan bizi izan zutena. Bi pilotarik jarri zuten txapela baina emakumeen pilota atera zen garaile han bizi izandakoa ikusita eta uda guztian plazaz-plaza ibilita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun