Emakume pilotari profesionalen lehen klubaren txapelketa bukatzear dago. Leitzan aurkeztu zuten kluba lehen aldiz maiatzean eta bertan hasi zen Plazaz plaza txapelketa ekainaren 4ean. Euskal Herriko hainbat herritan ibili dira geroztik, baita Katalunian ere, eta hainbeste partiduren ondotik bikote irabazlea ezagutzeko unea iritsi da.
Maite Ruiz de Larramendi eta Andrea Aldaregia dira lehenbiziko finalistak, abuztuaren 15ean Ereñotzun jokatutako finalerdian Iera Agirre eta Gentzane Aldairen kontra irabazi ondotik. Gaur erabakiko da nortzuk izanen diren bigarren sailkatuak, Etxaurin jokatuko den finalerdian. Laia Salsamendi eta Oihana Orbegozo Olatz Arrizabalaga eta Ane Mendibururen kontra lehiatuko dira bertan finalerako pasea lortzeko.