Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
20 urteko gazte goizuetar bat naiz.
Zein dira zure zaletasunak?
Kirola egitea eta lagunekin egotea gustatzen zait.
Goizuetako udalekuetako begiralea izan zara. Lehenengo aldia da?
Bai. Iaz ere proposatu zidaten baina ez nuen aukerarik izan.
Zergatik erabaki duzu baietz esatea aurten?
Uda hasieran proposatu zidaten, eta umeak oso gustuko ditudanez, parte hartzea erabaki nuen.
Zenbat haur zaindu dituzue?
Apuntatutako haurrak 21 izan dira, hala ere, ez ziren denak egunero etortzen. Gehienak goizuetarrak dira, baina badira beste ume batzuk kanpoan bizi diren arren, gurasoak goizuetarrak dituztenak eta asteburuetan eta oporretan herrian egoten direnak.
Zer nolako jarduerak egin dituzue?
Mota askotako jokoak egin ditugu: jolas kooperatiboak, ur jolasak, mendi irteerak… Gure helburu nagusia umeek ongi pasatzea izan da. Horrez gain, talde ekintzetan elkar errespetatzea, ulertzea, onartzea… lantzen saiatu gara.
Nolako esperientzia izan da?
Oso polita eta aberasgarria. Nahiz eta umeak lehendik ezagutzen genituen, orain haiekin dugun harremana oso gertukoa da eta Goizueta bezalako herri txiki batean, hainbat adinetako jendea horrela moldatzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Taldea nahiko txikia izan da eta umeak oso jatorrak dira, horregatik, ez zait erantzukizun handiko lana iruditu. Gainera, Janirek asko lagundu dit. Bera iaz ere lan honetan aritu zen eta esperientzia du honelako ekintzetan, beraz, oso lagungarria izan da.
Covid-19aren kontrako neurriak ere hartu behar izan dituzue…
Ekintza guztiak kanpoan egin ditugunez, musukorik gabe hasi ginen, baina bi asteren ondoren nik positibo eman nuen eta ondorioz udalekuak astebetez eten ziren. Geroztik, musukoarekin ibili gara.
Zure asmoak epe motzera?
Uda polit bat pasatzea.
Eta epe luzera?
Magisteritza ikasten ari naiz eta titulua laster ateratzea gustatuko litzaidake.