Zigor Sagardui Mendieta

«Eskualde euskaldunean bizitzeko oso inportantea iruditzen zait euskaraz jakitea»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 15a, 08:00

Zigor SAGARDUI MENDIETA, Goizuetan bizi den bilbotarra

Familia erdaldun batean jaio eta hazi zen Zigor Sagardui Mendieta (Bilbo, Bizkaia, 1975), baina unibertsitatean zela, «betitik euskara ikasteko nuen nahiari» eutsiz, euskaltegian apuntatu zen. Hurrengoa ahozkoa hobetzeko pausoa izan zen, eta hala, 21 urte zituela Goizuetako familia batera etorri zen. Gaur egun, bertan osatu du familia.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?

Etxean beti erdaraz hitz egin dugu baina gurasoek, beraiek ezin izan zutelako, arreba eta biok horretara bideratu izan gaituzte, eta euskara ikasteko udalekuetara bidaltzen gintuzten. Unibertsitatean ere ikasketak erdaraz egin nituen, baina betitik ikasi nahi nuen euskara eta Bilboko euskaltegian hasi nintzen. Bizpahiru urte pasatu nituen, astean egun batez edo biz, ordu bat eta erdiko saioak eginez.

Zer izan zen zailena?
Beti zailena hitz egitea izan da. Gramatika eta testuen ulermena nahiko ona izan dut, gutxi gorabehera kontrolatzen nuen, baina hitz egiterako momentuan beti zailtasunak sumatzen nituen, hiztegi falta. Gainera, Bilbon ez nuen euskaraz hitz egiteko aukera handirik, bizitza erdaraz egiten nuen.

Eta nolatan ailegatu zinen Goizuetara?
Eusko Jaurlaritzak Familia euskaldunetan egonaldiak izeneko programaren bitartez ailegatu nintzen. Nire bi lehengusu aurretik Gipuzkoan egonak ziren eta niretzat ere aukera ona zela iruditu zitzaidan. Nik, ordea, Nafarroara nahi nuen eta hala egin nuen. 1996ko uztaila Goizuetako familia batekin pasatu nuen.

 Zer moduzko esperientzia izan zen?
Oso ona, oso harrera ona egin zidaten tximistatarren etxean. Hilabete osoa eman nuen eta hori bai, bizitza erabat euskaraz egin nuen, ez nuen bertze aukerarik! Hasieran arraroa egin zitzaidan hemen hizkera, baina moldatu nintzen, beharko ohitu!

Zergatik Goizueta?

Herriak aukeratu behar ziren eta uste dut lehenbiziko Zubieta aukeratu nuela. Azkenean Goizueta tokatu zitzaidan.

Eta gelditzea erabaki zenuen…
Hilabete pasatu eta Bilbora bueltan joan nintzen, ikasketak bukatzera. Baina hurrengo urtean festetara etorri nintzen, eta Olaia ezagutu nuen. Elkarrekin hasi ginen eta urte batzuez harat eta honat ibili ondoren, 2005ean Goizuetara bizitzera etortzea erabaki genuen.

Aldaketa handia izan zen?

Bai, bai, alde handia dago. Bilbok eta Goizuetak ez dute zerikusirik.

Euskarari lotutako anekdotarik baduzu?

Anekdota konkreturik ez, baina ez nuen deus ulertzen. Familian, adibidez, esamolde pila erabiltzen zituzten eta bai Joxe Marik baita Rosaritok ere oso azkar hitz egiten zuten, eta oso zaila egiten zitzaidan ulertzea. Gainera ni euskara batuarekin ohituta nengoen eta kostatzen zitzaidan... Gazteekin beti errazagoa izan da baina jende helduarekin oraindik ere batzuetan kostatzen zait.

Gaur egun euskara zure eguneroko hizkuntza da?

Goizuetan bai. Lanean, Donostian batzuekin euskaraz eta bertze batzuekin erdaraz aritzen naiz.

Euskarak ateak ireki dizkizu?

Bai, bai. Bai pertsonalki, baita profesionalki ere.

Inguru erdaldun batetik etorri zinen eta euskaraz aritzen zara. Hemen jende euskalduna erdaraz sumatzen baduzu zer sentitzen duzu?

Niri euskara entzutea gustatzen zait. Gure hizkuntza da, nik ere nire hizkuntzatzat hartzen dut, eta batzuetan ez dut ulertzen jende euskalduna zergatik aritzen den erdaraz. Nik beste aldetik begiratu izan dut beti. Nire kasuan, eremu euskaldunean bizi nahi nuen eta zaila zen, Bilbon ez nuelako aukerarik. Eta hemen batzuetan aldrebes gertatzen da. Erdararako joera hori izatea pena da.

Zer esanen zenieke euskara jakin eta erabiltzen ez duten horiei?
Erabiltzeko. Batzuetan ez dira konturatzen zein altxor duten, baina hizkuntza bat mantentzeko erabili egin behar da. Hori argi dago. Nire gurasoak ere euskaraz ikasten ari dira euskaltegian, nire seme-alabekin hitz egiteko.

Zein mezu luzatuko zenieke hemen inguruan bizi diren erdal hiztunei?

Euskara ikasteko. Aldez aurretik geure buruari oztopoak paratzen dizkiogu, oso zaila dela eta, zaila denez, ez dugu ikasteko esfortzurik egiten. Eta bai, zaila da eta esfortzua egin behar da, baina merezi du. Eskualde euskaldun batean bizitzeko oso inportantea iruditzen zait euskaraz jakitea, eta denak ikastera animatuko nituzke. Nahi bada, posible da. Dudarik gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun