Jabi Moreno eta Mª Isabel Renteria

«Hasiera gogorra izan zen baina Leitzan erabat euskaldundu gara»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 14a, 09:00

Jabi MORENO eta Mª Isabel RENTERIA, Leitzan bizi diren alesbestarra eta pasaiarra

Euskara ikasteko nahiak bultzatuta ailegatu ziren Mª Isabel Renteria (Pasai Antxo, 1962) eta Jabi Moreno (Villafranca, 1963) Leitzako Etxe Txuri barnetegira, 1986an etorri zen Renteria «nire bigarren barnetegia egitera» eta 1987an Moreno, «kasualitatez»: «Mailagatik Kortezubira joatea tokatzen zitzaidan baina orduan Laudion bizi nintzen eta urrutiago joan nahi nuen. Horrekin tematu eta Leitzara etorri nintzen».

Euskara ikasten hutsetik hasi behar izan zenuten?

J. M.: Nik ez nekien deus euskaraz. Nire herria erdalduna da, familia ere erdalduna dut eta hutsetik hasi nintzen. Bilbon Arte Aderrak ikasi aurretik gau eskolan ibili nintzen, baina oso informala izan zen. Unibertsitatean, berriz, lagun euskaldun asko egin nituen, eta ikasketak bukatu nituenean zerbait egitea pentsatu nuen. 1987ko martxoaren 9an etorri nintzen Leitzara eta begira, gaur arte. Lau hilabete eman nituen plazan dagoen AEKren Etxe Txuri barnetegian. Handik atera eta gaia serio hartu nuen eta EGA prestatu nuen. Gaur egun unibertsitatean klaseak euskaraz ematen ditut.

M.I.R.: Nire kasuan, bi gurasoak euskaldunak ziren, aita Bakiokoa (Bizkaia) eta ama Urretxukoa (Gipuzkoa), baina bakoitzaren euskalkia oso-oso desberdina zen eta ez ziguten erakutsi. Horrez gain, garai hartan, Pasaia oso erdalduna zen. Etxean senide guztiok esan genuen euskaraz ikasi behar genuela eta Lekeition barnetegi batean sartu nintzen. Lau hilabetez egon nintzen han eta bigarren barnetegia Leitzan egin nuen, 1986ko urrian. 100.000 pezeta kostatzen zen barnetegia, eta lanean ateratako diruarekin ordaindu nituen, nire sakelatik.

Zergatik Leitza?

J. M.: Kasualitatez etorri nintzen. Garai hartan Laudion (Araba) bizi nintzen, eta udalak ikasketak bukatu berriak zituzten ikasleentzat edo langabezian zeudenentzat euskara ikasteko gau eskolako matrikula edo barnetegia ordaintzen zuen. Horrela erabaki nuen barnetegira joatea. Nire maila ikus zezaten Gasteizera joan nintzen eta han Kontxirekin egin nuen topo, gerora Leitzan gure irakaslea izanen zenarekin. Proba egin eta hura desastrea! Nire mailarekin Kortezubira (Bizkaia) joan beharko nuela esan zidaten. Baina hura Laudiotik bertan zegoen, eta nik urruti joan nahi nuen. Leitza nuen etxetik urrutien, baina han oso maila altua zela esplikatu zidaten. Ni, ordea, nafarra izaki, horrekin tematu nintzen. Honat ailegatu nintzenean damutu nintzen. Eskolak goizez eta arratsaldez izaten genituen, eta ez nuen deus ulertzen, desesperatu nintzen! Lehenagotik gau eskoletan ibilia nintzen, baina oso-oso gutxi. Aditza zer zen pixka bat jakinen nuen, baina taula haiek ikaragarriak iruditu zitzaizkidan. Ez nuen deus ulertzen! Hala ere, hasierako schok hura pasatuta, herrian ateratzen hasi ginen eta gaitz guztiak pasatu zitzaizkigun…

M.I.R.: Ni ere euskara ikasteko klaseetara joaten nintzen, baina astean ordu bat edo bi ziren, eta nik ti-ta egin nahi nuen. Pena ematen zidan familia guztia euskalduna izanda gu, etxekoak, ez izatea. Pasai Antxoko nire lagunak ere erdaldunak dira, eta benetan ikasteko, norabait joatea erabaki nuen. Lehenbizi Lekeitiora joan nintzen eta bigarrenean mailagatik Kortezubi (Bizkaia) tokatu zitzaidala uste nuen, baina Leitzara etorri nintzen eta lau hilabete pasatu nituen. Hura bukatuta ere Leitzan gelditu nintzen, Etxe Txurin nirekin ikasitako beste lagun batekin. Dirua ateratzeko hemengo jendeari ingelesa erakusten aritu nintzen, eta oso gustura egon nintzen. Ekain aldera berriz lanera itzuli nintzen.

Zer moduzko esperientzia izan zen?

J. M.: Oso esperientzia polita izan zen. Baina lehenbiziko egunetan oso gogorra izan zen, Martera joatea bezala. Hona etorri aurretik nire lagunak etorkinak ziren, galegoak, extremadurarrak, gaztelauak… Herri euskaldunetako pestetan ibiltzen hasiak ginen ordurako, baina Leitzara etorri nintzenean oso-oso maila baxua nuen. Azkenean, gure aldetik borondate handia jarrita, eta jendearen pazientzia handiari esker, lortu genuen. Oso garbi nuen zertara etorria nintzen eta gaur egun oso pozik nago neure buruarekin. Leitzan euskaldundu naiz, eta erabat gainera. Ez nuen espero han urruti ailegatuko nintzenik.

M.I.R.: Hasieran, esperientzia gogorra izan zen, erabat-erabat euskaraz egitea zaila zen guretzat. Eta ulertu? Batzuetan ulertzen genuen, baina adinekoei ulertzea ezinezkoa egiten zitzaigun. Hala ere, parrandero samarrak ginen eta gara, eta egunero-egunero ateratzen ginen. Horri esker, mintzapraktika saio ederrak egiten genituen eta horrek asko lagundu zigun. Pasai Antxoko lagunek asteburuetan ez nintzela joaten esaten zidaten, eta nola joanen nintzen Leitzan zegoen giroa utzita? Gaur egun nahi nuena lortu dudala esan dezaket. Nire helburua gutxieneko bat euskaraz egiteko ikastea zen, eta lortu dut eta oso pozik nago. Semeak euskaldunak dira, iloba guztiak ere bai…

Euskarari lotutako anekdotarik baduzue?

M.I.R.: Asko! Senarraren baserri ondokoak, ondotik pasatu nintzen batean, zerbait galdetu zidan, baina ez nion ulertu. Berriz galdetu zidan, baina alferrik. Hirugarren aldian, berriz ulertu gabe ‘zer?’ ezin niola galdetu pentsatu, eta ‘ez’ erantzun nion. Beste egun batean, nire senarrarengana hurbildu zen eta ‘hau al da zure emaztea?’ galdetu zion. Senarrak baietz esan zion eta berak ‘lehengoan galdetu nion eta ezetz esan zidan’.

J. M.: Alde zaharrean bazen Koxme izeneko taberna bat… Hango attona sukaldean egoten zen, eta Etxe Txuriko kuadrilla hara joaten ginenean, ez zuen inork lehenbizikoa sartu nahi izaten ez geniolako deus ulertzen. Joan ginen egun batean hizketan hasi zitzaigun, eta betikoa, elkarri begiratu eta ez genion ulertu. Hala ere, ‘bai’ esan genion. Berak, ordea, ‘nola bai? Ez!’ erantzun zigun. Holako mila anekdota ditugu. Edo beste anekdota bat: nik ‘zelan?’ esateko ohitura nuen eta baten batek ‘lan haundie’ erantzun zidan. Gurea Kutsidazu bidea, Ixabel liburuan eta filmean bezala izan da, baina errealitateak fikzioa gainditzen du. Leitzara etorri ginen lehenbiziko aldian, hiru lagun etorri ginen, Tolosatik taxia hartuta eta taxistari ez genion deus ulertzen.

Gaur egun Leitza duzue bizileku…

J. M.: Bai, biok bikotekidea leitzarra dugu. Nire bikotekidea, Mamen, duela 34 urte gure irakaslea izan zen. Hasiera hartan, bolada batez, Bizkaian bizi izan ginen, baina lehenbiziko umeak jaio behar zuenean, Leitzara etortzea erabaki genuen eta hemen egin dugu bizitza. Oso gustura nago.

M.I.R.: Nik ere orduan ezagutu nuen gaur egun nire senarra dena. Hasieran joan-etorrian ibili nintzen, baina dagoeneko 35 urte ditut Leitzan bizitzen. Urte asko dira baina ni ere oso gustura nago eta oso integratua sentitzen naiz.

Euskarak ateak ireki dizkizue?

J. M.: Bai, bai, asko. Lanean, adibidez, asko lagundu dit. Unibertsitateko irakaslea naiz eta hasieran klaseak erdaraz ematen hasi nintzen. Handik bi urtera euskal adarra garatzen hasi zirenean, euskaraz klaseak ematea proposatu zidaten eta animatu nintzen. Lehenbiziko urteak oso konplikatuak izan ziren, baina lortu genuen. Alderdi emozionalean ere, gaur egun nire harremanen parte handi-handi bat euskaraz dut.

M.I.R.: Niri ere ateak ireki dizkit. Jangela batean egiten dut lan eta hor euskaraz hitz egin behar duzu… Lanetik kanpo ere ateak ireki dizkit. 

Zer esanen zeniekete erdal hiztunei?

M.I.R.: Gogoa izanez gero, ikasiko dutela. Niretzat ikasteko aukerarik onena barnetegiak izan ziren. Eta nola diren kontuak… Euskara ikasten hasi baino lehen, sei hilabetez, Londresen egon nintzen eta gero Lekeitiora joan nintzen barnetegira. Ondotik Kanadara joatekoa nintzen, baina euskara galduko nuen beldurrez beste barnetegi bat egitea erabaki nuen eta Leitzara etorri nintzen. 35 urte beranduago hementxe jarraitzen dut.

J. M.: Hutsetik ikastea posible da. Hasieran gogorra da, baina animatu daitezela ikastera, horixe baietz.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun