Myriam MIRANDA BERROETA

«Musikariak babesik gabe dauden profesionalak dira»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 13a, 08:00

Myriam MIRANDA BERROETA. Musikari elkarteko koordinatzailea.

2008tik kulturan lan egiten du Myriam Miranda goizuetarrak. Alberdania argitaletxean prentsa eta komunikazio arduraduna izan zen lau urtez eta egun musikari elkarteko koordinatzailea eta musika bulegoko proiektu arduraduna da.

«Pandemiak lehendik prekarioa zen musikarien egoera are ageriagoan utzi du». Halaxe adierazi du Myriam Miranda Berroeta (Goizueta, 1974) Musikari elkarteko koordinatzailea eta Euskal Herriko Musika Bulegoko proiektu arduradunak denak. Bi elkarteek duten zereginez aritu da Ttipi-Ttaparekin, baina horrekin batera, argi mintzatu da musikarien egoeraz eta musikarien sektorea profesionalizatzeko beharraz.

Musikari elkarteko koordinatzailea eta  Euskal Herriko Musika Bulegoan proiektu arduraduna zara...

Bai, hori da. Musika Bulegoa lau elkartek sortu zuten, Kultura Livek (Euskal Herriko Areto Pribatuen Elkartea), MIEk (Musika Industria Elkartea), Musikarik (Euskal Herriko Musikarien Elkartea) eta Musikagileak-ek (Euskal Herriko Musikagileen Elkartea). Nik Musikarirentzat eta Musika Bulegoarentzat lan egiten dut baina bietan helburu asko partekatzen ditugu.

Zein dira helburu horiek?

Musikari elkartearen helburu nagusia bere bazkideen eta musikara dedikatu nahi duten guztien interesak defendatzea eta aldarrikatzea da, izan musikari profesionalak, izan amateurrak... Horretarako urtean jarduera asko egiten ditugu eta alor asko ukitzen ditugu: fiskalitatea, laborala, elkarrizketak... Musika Bulegoaren helburua, berriz, Euskal Herrian musika -jarduera sustatzea eta hobetzea da, Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musikari balioa ematea eta gizartean duen presentzia handitzea da. Musika Bulegoak musikaren sektore osoko profesional guztiak ordezkatzen ditu: industria, management bulegoak, kontzertuetako aretoak... Bere profila askoz ere transbertsalagoa da.

Euskal Herriko Musika Bulego elkarteko lehendakaria izan zinen. Nolako balorazioa eginen zenuke?

Musika Bulegoa 2015ean sortu zuten eta ni 2018an eta 2019an lehendakari izan nintzen. Elkartea hasi berria zen eta Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakunde publiko batzuen babesa genuen arren, momentu hura gogorra izan zen, Euskal Herrian existitzen ez zen sistema edo metodologia berritzaile bat hutsetik martxan paratu behar izan genuelako. Musika arloan dena batu eta hori martxan paratzea izugarrizko erronka izan zen eta hori bideratzea tokatu zitzaidan. Lan asko egin behar izan nuen, baina oso balorazio ona eginen nuke eta gainera pozik nago, sektoreari mesede egiten dion erreminta oso indartsua eta baliagarria lortu dugulako.

Bazkideekin funtzionatzen duzue?

Bai. Musikarik 322 bazkide ditu eta horiek, aldi berean, Musika Bulegoko bazkide dira, Musika Bulegoko beste elkarte azpisektorialetako bazkide guztiak bezala. Bulegoan ia 700 bazkide dira, enpresak, musikariak, eragileak, autonomoak... Ordezkagarritasun handia du.

Musikari elkartea 1994an sortu eta 2002an itzali zen. 2012an, ordea, berriz sortu zen. Geroztik nolako martxa du?

Momentu batzuk besteak baino hobeak izan dira, baina 2012an elkartearen behar handia sumatu zutelako sortu zuten berriz. Aurreko aldian langilerik gabe aritu ziren eta horrela zaila da aurrera ateratzea. Ni 2012an hasi nintzen eta geroztik oso ongi funtzionatzen du. Gero eta bazkide gehiago dira eta gero eta gauza gehiago egiten ari gara. Nabarmentzekoa eta eskertzekoa da Musikariko zuzendaritza batzordeko kide guztien esfortzua.

Ordaindu gabeko lan asko egin behar duen sektorea da?

Musikarin zuzendaritza batzordeko kide guztiei nolabaiteko diru sari bat eman izan diegu, baina askotan, musikan edo kulturan, boluntario lana egin behar dela iruditzen zaigu. 'Lagunduko didazu' edo 'hau zuk eginen duzu' esan eta ziurtzat jotzen dugu eginen dutela. Baina zergatik? Azken urteotan, hala ere, batez ere musikarien artean, kontzientzia pizten ari da. Egindakoari balioa eman behar zaio, eta gizarteak ematen duen balioaz gain, ekonomikoa ere bai. Badirudi musikan, eta berdin kulturan, egiten dena ez dela deus kostatzen eta ideia hori oso barneratua dago. Horri buelta eman eta musikarien lanari balioa eman nahian ari gara, garrantzitsua delako egiten duten lanak dirutan zenbat balio duen ikustea.

Jendeak ez du aski baloratzen?

Beste sektore guztiek hitzarmena dute, baina musikariek eta, orokorrean artistek, ez dute deus ere ez. Nola emanen diozu balioa kultura eta musika debaldekoa dela uste baldin badugu? Batek 'nire kontzertuak 4.000 euro balio ditu' esaten duenean, '2.000 euro ordainduko dizkizut' erantzuten diote. Baina ez, 4.000 euro balio ditu kontzertuak. Hori defendatzea zaila da hitzarmenik ez badago. Profesionalki, fiskalki eta laboralki musikariak oso egoera prekarioan daude, eta Musikarin eta Musika Bulegoan buru-belarri horretan ari gara. Artistaren Estatutua nahitaezkoa da, lotsagarria da orain arte aurrerapauso ziztrin bat ere ez eman izana.

Pandemiak musikarien prekarietatea ageriago utzi du?

Koronabirusak sektore guztiei eta gizarte osoari eragin dio. Baina pandemiarekin inoiz baino ageriagoan gelditu da musikarien egoera zeinen prekarioa eta tamalgarria den. Oso musikari gutxik eskatu ahal izan dute dirulaguntza, ez zutelako baldintzarik betetzen, eta pandemiak, zerbaitetarako balio izan badu, hori musikarien egoera ahula ikusgarri egiteko izan da. Lehendik bagenekien oso egoera larria zela, eta orain gehiago. Bestetik, larritasun egoera honetan, asoziazionismoak gora egin du, elkarte batek musikarien alde zenbat egin dezakeen ohartu dira. Pandemia garaian aholkularitza ematen aritu gara, bai Musikari elkartean baita Musika Bulegoan, eta lan hori 40 aldiz biderkatu da. Egoera honek mahai gainean paratu du, bai edo bai, beharrezkoa dela profesional horiek babestea eta Artistaren Estatutuaren inguruan lehenbiziko aurrerapausoak ematen hastea.

Zertan da Artistaren Estatutua?

Deusetan ez. 2018ko irailean, Madrilgo Diputatuen Kongresuan, Artistaren Estatutuaren zirriborro bat egiteko azpibatzorde bat sortzea aho batez onartu zuten, eta logikoena zirriborro horretako 75 aldarrikapenak pixkanaka-pixkanaka martxan paratzea izanen litzateke. Baina ia ez deus egin. Estatutu hori aurreratua izan balitz, beharbada pandemia garaian artistak babestuago egonen lirateke. Baina ez denez deus egin, deus gabe gelditu dira, larrugorritan.

Egoerari buelta emateko zein aukera ikusten dituzu?

Borondate politikoa behar da. Guk, eragile garen aldetik, bi urte daramatzagu estatu mailako plataformetan parte hartzen eta Espainiako Gobernuko Ogasun, Kultura eta Gizarte Segurantza ministerioekin harremanetan. Gure esku dagoena eta gure arduratik kanpo dagoena egiten ari gara, baina legeak aldatzea ez dago gure esku. Lau ministeriotako araudiak eta legeak aldatu behar dira Artistaren Estatutua egia bihurtzeko eta hori Espainiako Gobernuaren ardura da. Frustragarria da deus egiten ez duela ikustea, baina gure aldarrikapenekin segituko dugu. Egia bihurtzen denean sektorea askoz gehiago profesionalizatuko da, eta modu duinean lan egiteko aukera izanen dute. Babestuak sentituko dira, baldintza hobeekin ariko dira, kontratatuko dituzte, pentsioko dirua kotizatuko dute, langabezian gelditzen badira langabezia-saria izanen dute, gaixorik edo haurdun gelditzen badira kobratuko dute... Orain zer gertatzen da musikari bat haurdun gelditzen bada? Egoera latza da, larri-larria.

75 aldarrikapenen artean zer nabarmenduko zenuke?

1985eko 1435 errege dekretua aldatzeko eskaera. Dekretu horrek ikuskizun publikoetako artisten lan harremana arautzen du eta oso zaharkitua gelditu da. Toki berean eta langile finkoak diren musikariak bakarrik hartzen ditu kontuan, adibidez, garai batean hoteletan bakarrik jotzen zuten talde finkoak. Horrek orain ez du zentzurik. Musikari batek zenbatentzat jotzen du? Zenbat udal, gaztetxe edo kultur etxeentzako egiten dute lan? Eguneratu beharra dago.

Musika sektorea nola ikusten duzu Euskal Herrian?

Itxaropentsu ikusten dut, berpizten eta nolabaiteko normaltasunera bueltatzen ari da. Beti esan izan dut musikaren aldetik Euskal Herrian izugarrizko kalitatea, aniztasuna eta aberastasuna dugula. Oso-oso musikari onak daude, goi mailako kalitatea dutenak eta genero musikal guztietan ari direnak. Horrek, aldi berean, sortzaileak eta artistak babesteko ardura sortzen du eragile eta erakunde publikoen artean.

Nolako etorkizuna ikusten duzu?

Sektoreak erronka asko ditu. Lehenik eta behin, musikarien, eragileen eta erakunde publikoen artean, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa indartu behar dira. Baina erronka nagusiena sektorea profesionalizatzea da, sektore honetan ari direnek beste edozein profesional bezala tratatuak izan behar dute. Paradoxikoa eta ironikoa da, baina Euskal Herrian behin eta berriz errepikatzen dugu bertako musika zeinen aberatsa den, hemendik kanpo zeinen arrakastatsua den, eta edozein ekimenetan bada musikari edo bertsolariren bat. Baina babesik gabe dauden profesionalak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun