JON ZABALETA PERURENA

«Esperientziak dudana gehiago estimatzeko balio izan dit»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 31a, 08:00

Jon ZABALETA PERURENA, Goizuetako gaztea

«Pantailaren atzean zegoena zer zen ikusteko eta esperientzia  barrutik bizitzeko» jo zuen El Conquistador del Caribe saiora Jon Zabaleta Perurenak (Goizueta, 1990). Hasierako helburua bete eta gaindituta egin du herrira buelta. «Izugarria» eta «gogorra» hitzak datozkio burura bizipenak oroitzean. Argitu duenez, «etxetik ikusten duguna programaren alde politena» da eta fisikoki ongi prestatuta joatea ez da aski: «esperientzia ederra da, baina gauzak argi izan behar dira, ehuneko handi bat psikologikoa delako».

Nola animatu zinen El Conquistadorren izena ematera?

Txikitatik ikusi izan dut eta beti izan dut gogoa. Kirolarekin zerikusia duen dueluak ikaragarri gustatzen zaizkit eta urteren batean parte hartzea gustatuko litzaidakeela esaten nuen beti, gose, biziraupen, talde harreman eta indar aldetik jasan nezakeena ikusteko. Neska-lagunak animatu ninduen, eta gehienbat beraregatik egin nuen castinga. Beti esaten nuen baina utzi eta utzi… Biek egin genuen castinga eta hartu egin ninduten. Berari esker izan zen. 

Nolako esperientzia izan da han bizitakoa?

Bi hitzetan laburbiltzeko izugarria eta gogorra. Momentu txarrak gehiago izan dira baina bizitako momentu onek txarrak gainditzen dituzte. Hitzekin deskribatu ezin dena da. Azal dezaket, baina bizi gabe oso zaila da deskribatzea.

Zer izan da politena?

Jendearekin izan dudan harremana, elkar laguntza, ezagutu dudan jendea… Hasieratik esperientzia gogorra izan zen gurea, oso gaizki hasi ginen. Alde horretatik taldeari eskerrak eman nahi dizkiot. Errusiar mendia bezala izan da, batzuetan goian eta besteetan lur azpian egon gara. Etxekoak beti buruan izan ditut, eurek esandako gauzak… Badakizu zurekin daudela baina ez daude hor eta momentu horretan zure taldearekin zaude.

Eta gogorrena?

Asko jaten dut eta gogorrena gosea izanen zela uste nuen, baina ez da hala izan. Hutsarte luzeak genituen eta hori kudeatzea ez da erraza. Buruari buelta asko ematen dizkiozu. Alde horretatik sorpresa hartu dut. Saio horretan % 80 psikologikoa eta % 20a fisikoa dela ikusi dut. Etxetik, familian, lanean… arazoekin joanez gero… Ni alde horretatik indartsu joan naiz. Momentu horietan joan aurretik esan zizkidaten hitz guztiez oroitu naiz. Joan aurretik esandako ‘animo’ bakoitzak indar haundia eman dit. Izatez hilabete da baina urte eta gehiago etxetik kanpo egon zarelako sentsazioarekin bueltatu nintzen. Lagunen, familiaren… falta handia izan dut. Ni nahiko hotza naiz baina hor sentimenduak mugitu zaizkit… Baloratzeko eta duguna estimatzeko ere balio izan dit. Etxean dena eduki eta ezerengatik kexatzen garela ikusi dut. Gainera, tenperatura aldaketa handiak izaten dira han. Euri asko egin digunez ondoeza, moskitoen nekea…

Momenturen batean amore eman eta etxera bueltatzeko gogoa izan duzu?   

Ez, ez dut dena utzi eta etxera joatea pentsatu. Alde horretatik ez nuen beldurrik, banekien neure burura hori ailegatzen bazen ezertarako on ez nintzelako izanen zela, zainbihurturen bat izan nuelako edo. Kaskagogorra naiz eta… 

Pantailan ikusi denaz harago, beste hamaika momentu bizi dituzue. Zer dago atzetik?

Pantailan ikusten dena han dagoen gauzarik politena da. Toki batean sartzen zaituzte, handik ezin zara mugitu eta gogorra da. Aberatsen kanpamentuan zure koltxoia hor duzu deskantsatzeko baina beste bi kanpamentuetan… ezin mugituz egon gara, lohia gerriraino sartzen ahal zitzaigulako… 10 litroko bidoi bat ur paratzen ziguten eta momentu batzuetan ez genuen ura edatera altxatzeko gogorik ere, indarra alferrik galtzea dela iruditzen zaizulako. Pixa egitera altxatzen ginenean aprobetxatzen genuen horretarako.

Momentu gogorrak bizi izan ditu goizuetarrak El Conquistador saioan.

Kamera aurrean ibili zaren lehendabiziko aldia izan da? Nola ikusi duzu zeure burua?   

Lehenbiziko aldia izan da bai eta nabaritu dela uste dut. Kamera aurrean lotsatuta ikusi dut neure burua, ez naizela ni izan sentitu dut. Ezagutzen nautenek ere isilik egon naizela eta gutxi ikusi nautela esan didate. Erdaraz aritzea bera kosta egiten zait eta ez da ez dakidalako baina… kameren aurrean jartzen nintzenean shock egoeran gelditzen nintzen, saihestu egiten nituen. Esperientzia bizitzera joan naiz eta lehenbiziko helburua horixe zen, Conquis zer zen ikustea.  Finalean sartzea izugarria izan da.

Beko fans taldea eta guzti egin dute Facebooken… Zer sentitzen da zurekiko horrelako konfiantza dutela ikustean?   

Oso eskertua nago. Programa bizi ondotik hor bukatzen dela pentsatzen duzu baina gero jendearen animoak aditzen dituzu, zu babesteko talde bat sortu dutela jakiten duzu, jende askok idazten dizu… alde horretatik izugarria da. Ez nuen horrelako erantzunik espero. Herrian ere asko babestu naute, Goizuetan jende askok ikusi du programa eta telebistan ikusi ez diren gauzez galdetu didate, esaten diren gauzak egia diren… 

Zer galdetzen dizute?   

Janari kontua adibidez. Ea hasieran lau egun eta erdi egon ginen jan gabe… Hasiera oso- oso gogorra izan zen. Han irabazten ez baduzu ez dute ura besterik ematen eta hori ere neurtua, 10 bat litro talde osoarentzat. Lehenbiziko hiru jokoak galdu genituen. Irabazi eta latak eskuan hartu genituen arteko denbora luzea izan zen. Azken batean, partaide guztiek programa bera baina bakoitzak berea bizi du… Zenbat eta gehiago irabazi gehiago jaten duzu, lau egunez lau kilo erraz galdu nituen. Hirugarren egunetik indarrik gabe negoen, gorputzak ez zidan segitzen, lo ere ez nuen ongi egiten… Alde horretatik ere oso gaizki pasatu dut.

Lau egunen ondotik proba irabaztea ederra izanen zen...   

Bai, irabazita 14 lata eman zizkiguten. Bakoitzak bere modura kudeatzen du hori. Aurrera egin ahala antolatzen hasi ginen. Gehienez hilabete dela pentsatuta... Hasieran egunean lata bat jaten hasi ginen eta gero bi egunez deus jan gabe egoten ginen. Gero erdibana jaten hasi ginen. Horrela egunero sartzen genion zerbait gorputzari. Berez ez da deus baina… mingainari gustua aldatzeko… Gauza gutxirekin bizi gaitezkeela ikusi dugu, eta asko psikologikoa dela…

Duelurik egin ez izana kritikatu dizute...   

Bai. Nik beti dueluren bat eginen nuela esaten nuen. Hala ere, ez dut inguruan El Conquistadorren izan den inor izan eta ez nuen horri buruz hitz egina. Sofatik telebistara bizi nuen. Arandak iaz egon zen batekin hitz egina zutela eta dueluetara boluntario ez joateko esana ziotela aipatu zidan. Gero kontrakoa egin genuen, bera joan zen eta ni ez. Boluntario joan eta etxera joan zela ikusi nuen, dueluak ikusten nituenean edozein etxera joan zitekeela ikusten nuen. Orduan zergatik hartu behar nuen arrisku hori pentsatzen hasi nintzen. Zerbait gaizki eginez gero neure burua arriskuan paratuko nuen baina… lagunek eta kapitainak ez ninduten izendatzen eta, hori ikusita, zerbait ongi egiten ariko nintzela pentsatzen nuen. Bizpahiru joan ziren boluntario, gainerakoak izendatuta. Nik uste bigarren fasean dezente erakutsi dudala… Lau joko izan ditugu banaka erakusteko eta azkena etxera joaten zen. Niretzat hori ere duelua zen eta hor ere erakutsi nuen.  Ikurrina eskuetan ez hartu izanaren pena dut, baita duelurik egin ez izanaren arantza ere baina momentu horretan motiborik gabe arriskurik hartzea zela ikusten nuen eta bi lagunek ere ez zutela nire aurka egin nahi esan zidaten… Pozik nago taldekide eta lehiakide bezala programa txukuna egin dudala uste dudalako.

Familiako eta lagunen bideoak hunkitu egin zintuen...    

Programan esan bezala, arrebak eta koinatuak momentu txarrak pasatu dituzte eta ez nuen hor ikustea espero. Denak hunkitu ninduen baina horrekin gainezka egin nuen.

Finala nola bizi izan zenuen?    

Aurten arraro samarra izan da. Finala aurrerago egin da. Nik nahiago nuen momentuan bizi, hasi eta bukatu. Asko entrenatu dut, ilusioz joan nintzen baina meritu handiagoa du dena sufrituta egiteak. Aurten egoera horrela izan da koronabirusarengatik…

Iparrorratza galdu zenuen...   

Hasieratik gaizki hasi nuen. Marea bizi ikusi nuen eta txalekoarekin igeri egitea asko kostatzen zitzaidala eta kendu egin nuen. Gaizki hasi nuen, txalekoak kontrako efektua egiten zidan, atzera tiratzen ninduen eta leher egin nuen. Iparrorratza galdu nuen baina hor izanda ere, itsasoa zegoen bezala egonik, ez nuen egiteko aukera gehiegirik izanen. Irlari buelta osoa eman eta mendiz igo behar izan genuen beste aldera pasatzeko. Itsasoa gogor zegoen eta ezinezkoa zen…

Nafar batek irabazteko garaia zela esan zenuen castingean. Eta hala izan da baina ez da goizuetarra izan…    

Bai, nik niregan pentsatuz esan nuen hori (irri artean). Azken urteetan bizkaitarrak, gipuzkoarrak… ziren irabazle. Aurten ikurrina Nafarrora etorri da, baina ez nire eskuetara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun