Hilerria
Hilerriko kolunbarioak eskas geratzen ari zirela ikusita, udalak 32 zulo edo kolunbario jarri ditu. Bertan senitarteko bat baino gehiago sartzeko aukera egonen da. Lanak Hargoi enpresak egin ditu eta 9.035,45 euroko aurrekontua izan dute.
Mendiko askak
Aitasemegi, Tartazu eta Alkasoaldea auzoetan aziendek ura edateko lau aska berri jarriko dituzte eta bat konpondu. Bertako abeltzainekin adostu da aska hauen kokapena. Berriak Domiñako borda, Mandoegi, Altzanburu eta Altzako txokoan jarriko dituzte eta Biorsoroko aska da konponduko dutena. Lan hauek 18.739,70 euroko aurrekontua izanen dute, zati bat abeltzaintzako azpiegiturak hobetzeko diru laguntzarekin ordainduko dute.
Mediku kontsulta
Herriko mediku kontsultan eraberritze lanak eginen dituzte. Horrela, larrialdiak artatzeko gune berri bat izanen du gaur egungo kontsultak. Lanak mediku kontsultako langileekin adostu dituzte eta Goizuetako eraikuntzak enpresak burutuko ditu azaroa baino lehen. 49.392,56 euroko aurrekontua dute eta %100 Osasunbideak ordainduko du.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak Covid-19aren ondoren ekonomia sustatzeko udalei emandako dirulaguntzak ere baliatuko dituzte hainbat lan egiteko. Dagoeneko Tifanitxo eraikineko ate berriak jartzeko erabili da dirulaguntza eta udaletxeko galdara berria jarriko dute. Gasoliozko galdara zaharra aldatuko dute eta, eneretikoki efizienteagoa izanen den galdara berri bat jarriko dute udal eraikina berotzeko. Lanak abuztuan eginen ditu Urdiñola enpresak. 6.183,10 euroko kostua izanen du galdara berritzeak.