Felisa Pellejero erraketistaren herrian jokatu zuten igande goizean Ados Pilotako Plazaz plaza txapelketa. Lehenik, Erika herritarra eta Goiuri leitzarra Maddi eta Leireren aurka aritu ziren giroa berotzeko, eta Euskal Herriko emakumezkoen pilotak etorkizun ona izanen duela erakutsi zuten beste behin.
Partidu nagusian 4 pilotariak gogotsu aritu ziren, oso tanto borrokatu eta biziak jokatuz. Iera Agirre eta Gentzane Aldai nagusitu ziren hasieratik, nahiz eta Ainhoa Ruiz Infantek eta Olatz Ruiz de Larramendik markagailua txukuntzea lortu zuten jokoan sartuz. Aldaik adierazi zuenez; «frontoiak dituen berezitasunera ongi moldatu gara eta Ierak partidu oso ona egin du batere hutsik egin gabe». Agirre ere «oso pozik» agertu zen, «jende asko gerturatu delako eta egon den giro bikainagatik».