COVID-19ak, ez ditu ondorio negatiboak soilik ekarri. Izan ere, egoera normal batean, Euskal Herria Mendi Erronka (EHME) antolatuko zuten ekainean eta seguruenik, bertan parte hartuko zuten Iraitzek eta Ikerrek. Baina birus hau dela eta, Iraitzi eta Ikerri beste motatako erronka bat bururatu zitzaien beraien eroaldietako batean.
Erronka honetan, auzolana, ume nahiz helduen elkarlana, behar bereziko haur eta umeekiko sentsibilizazio eta enpatia, zailtasun edota behar bereziak dituzten pertsonen hitza, herrian pertsona hauek egunerokotasunean izan ditzaketen oztopoen ikusgarritasuna edota albo batean ezkutatuta dagoen gai garrantzitsu hau azaleratzea lortu duzue, besteak beste. Herritarren portzentaje urri baten lekuan jarri eta beraien mugak ikusgai bihurtu dituzue. Modu batera edo bestera, herritarren gehiengoa mugiaraztea lortu duzue. Eskerrik asko horrelako ekimen hunkigarri batean parte hartzeko aukera eskaintzeagatik.
Eta lan horren atzean jende asko egon arren, ezin gelditu sei familien lana zoriondu gabe. Zorionak hilabete hauetan egin duzuen guztiagatik. Buru-belarri aritu zarete etengabe lanean, bakoitzak bere familia, lana, etxea, egoera pertsonala… uztartuz. Hori gutxi balitz, zuen haurrak zuekin batera lanean aritu dira, horrelako ekimen batean, pertsona orok, adina kontuan hartu gabe, parte hartu dezakeela erakutsiz. Lan egiterakoan, berdin izan zaizue astelehena, larunbata edota igandea izatea, oso garbi izan baitituzue zeintzuk ziren zuen helburuak. Larunbateko herritarron ongietorria, hilabete hauetan egin duzuen guztiaren erantzuna izan da. Hitzik gabe utzi gaituzue. Zuen kuadrillan esaten duzuen bezala, lan BRU-TA-LA egin duzue. Ikaragarria, itzela, hunkigarria, handia, intentsoa, kontzientziagarria, enpatikoa, eredugarria... Hitz horiexekin deskribatuko nuke momentu honetan zuen erronka.
Eta nola ez, zorionak Iraitz eta nire anaia Ikerri 150 kilometroko kirol erronka borobila burutzeagatik. 33 orduz gelditu gabe aritu zarete abenduan ingurukoei aipatzen hasi zineten lorpen-adierazle horiek lortzeko. Lortu dituzue bai, baina hasierako zazpi lorpen horiek labur gelditu dira lortu dituzuen guztiekin alderatuz gero. Gure attunak esanen lukeen bezala, bejondeizuela! Aupa LHL eta aupa zuek!! Sinetsi lortu duzuenean, zuen garaipena da eta!
Ni ere, herri inklusiboago baten alde!