Heziketa eta hezkuntzarako laguntzak emanen ditu Aresoko Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 1a, 14:00

Udalak emanen dituen dirulaguntzak eskuratzeko eskaerak uztailaren 23ra arte aurkez daitezke.

16 urte arteko haur eta gaztetxoen hezkuntza eta heziketarako gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ematea erabaki du udalak. 2020an egindako jarduerak ordaintzeko izanen da, egiaztatzen den gastuaren %50a, gehienez ere 100 euro urteko eta ikasleko.

Laguntza jasotzeko, Areson erroldatuak egon beharko dute eskatzaileek, gutxienez urte bat lehenagotik. Gainera, egindako gastua egiaztatu beharko da, fakturen, ordainagirien edo antzeko agirien bidez. Kirol jarduerekin laguntzeko ikastaro ez-lehiakorrak hartuko dituzte kontuan, adibidez, igeriketa ikastaroak.

Ekainaren 21ean ireki zuten eskaera egiteko epea eta uztailaren 23a izanen da azken eguna. Interesa daukatenek Udaletxeko Batzar Aretoan eskura ditzakete eskaera orriak eta betetakoan, eskaera agiriekin batera, idazkaritzara eraman beharko dute edo areso@areso.eus helbidera bidali.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun