'Leitzako herri curriculuma' proiektua abian da

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 29a, 17:00

Helburua Leitzari buruzko informazio eta ezagutza bilatzea, antolatzea, ordenatzea eta eskuragarri jartzea da.

Proiektuaren «lehendabiziko urratsak» ematen hasi da Leitzaketa taldea, Arantxa Azpiroz, Dabid Anaut, Edurne Zabaleta, Goretti Calderon, Iñigo Alduntzin eta Lordi Saralegi herritarrek osatzen dutena. Ekimenaren aurkezpena egin zuten atzo Herri Aretoan, izan ere, proiektua «denontzat oso baliagarria izan daitekeela» uste dute eta, beraz, «auzolanean egin beharrekoa». Horregatik partekatu nahi izan dute proiektua herriko eragile eta norbanakoekin hasiera-hasieratik.

30 lagun inguru elkartu ziren guztira, hainbat esparrutan aritzen den jendea, eta «arreta handiz jarraitu zuten azalpena». Auzolanean eta elkarlanean parte hartzeko proposamena luzatu die elkarteak herritarrei; «proiektua aurrera eramateko prozedura bat landu dugu, eta orain herriko norbanako eta eragileen txanda izanen da, curriculumak jaso beharreko gaien eta edukien inguruko proposamenak egiteko».

Hurrengo hilabeteetako lana gai eta edukiak, informazioa iturriak eta bibliografiak, gai horien lehentasuneko ideiak eta elementuak etab. identifikatzea izanen da, «curriculumaren hezurdura osatuz eta antolatuz joatea».

Argazkiak: Leitzaketa taldea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun