Irudi ikusgarriak eta hunkigarriak utzi ditu Uriarte eta Gomez leitzarrek egin duten kirol erronkak

Ostiral eguerdian Linzatik abiatu eta 150 kilometro eta 6.000 metroko desnibel positiboko ibilbidea egin ondotik, larunbat arratsaldean, 20:30 aldera, ailegatu ziren Iker Gomez eta Iraitz Uriarte Leitzako plazara. Bidean hainbat bidelagun izan zituzten eta helmugan, Leitzan, harrera beroa egin zieten herritarrek.

Iker Gomez eta Iraitz Uriarte leitzarren kirol erronka batekin hasi zen dena, eta azkenean, erronka solidarioa bihurtu zen, Linzatik Leitzarako bidean «isuritako izerdi tantak ikusgarritasuna aitortzea merezi duten zerbaiten alde» bota nahi izan zituztelako. Berehala bat egin zuten herriko sei familiak proiektuarekin eta Leitzako Udanerengan jarri zuten arreta, «Udanek munduan bost kasu baino ez dituen gaixotasuna duelako. Aurten eskolan hasi da. Gurasoek gurpil-aulkian eramaten dute, eta agerian gelditzen ari da gure herriak ez daudela egokituta bestelako mugikortasun eta errealitateak dituzten pertsonentzat». Udaneren familiari laguntzeko «diru bilketa egitea» okurritu zitzaien lehenbizi, baina «familiarekin hitz egin ondoren, haiek hala eskatuta, gure asmoak beste norabide bat hartu zuen: pertsona bakarrean zentratu beharrean, herri osorako onuragarri izan litekeen proiektua aurrera eramatea erabaki genuen, zehazki, behar bereziak dituztenei bizitza errazteko ekarpenak egin eta herritarrengan sentsibilizazioa areagotzeko kanpaina egitea».

Bide horretan asko egin dute hilabete hauetan: herri lan-sare indartsua sortu dute, plazarako sarbidea edonoren esku jarri dute, zebrabide koloretsuak margotu dituzte ikusgarriago egiteko, komertzioetan piktogramak jarri dituzte, ekitaldiak egin dituzte, inklusibitatearen mezua zabaltzeko murala margotu dute, udalak aniztasun funtzionala dutenentzako aparkalekuak margotu ditu... Eta ostiraletik larunbaterako kirol erronka egindako guztia borobiltzeko hitzordua izan zen.

LHL zozketa

LHL erronkako lantaldeak hainbat loteren zozketa ere egin du eta atzo jakinarazi zituzten zenbaki sarituak. Sariak jasotzeko hamabost eguneko epea izanen da.

  1. lotea: 712 (ordezkoa 3.893)
  2. lotea: 2.129 (ordezkoa  19.58)
  3. lotea: 1.885 (ordezkoa 3.113)
  4. lotea: 4.457 (ordezkoa 2.942)
  5. lotea: 2.436 (ordezkoa 5.946)
  6. lotea: 6.139 (ordezkoa 2.212)
  7. lotea: 1.782 (ordezkoa 2.785)
  8. lotea: 4.088 (ordezkoa 1.104)
  9. lotea: 138 (ordezkoa 1.934)
  10. lotea: 21 (ordezkoa 4.309)
  11. lotea: 5.658
  12. lotea: 5.776
  13. lotea: 4.037
  14. lotea: 396
  15. lotea: 1.475
  16. lotea: 6.231
Erlazionatuak

Iker Gomez eta Iraitz Uriarteren kirol erronka bideoan

Leitzaldea Leitza

Ostiral eguerdian Linzatik abiatu, eta larunbat arratsaldean, 20:30 aldera, ailegatu ziren Iker Gomez eta Iraitz Uriarte Leitzako plazara. Egindako...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun