Autobusa antolatu du Leitzako Udalak Iruñean garraio duina eskatzeko

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 24a, 14:30

Asteartean, ekainaren 29an, 14:00etan Leitzako autobus geltokitik abiatuko da autobusa Iruñera, Nafarroako Parlamentuaren aurrean garraio zerbitzu publiko duina eskatzeko.

Azken aldian egin dituzten mobilizazioekin, asteazkenean Gobernuko kontseilari bat Leitzara joatea lortu zuten, hainbat hobekuntza agintzera. Adibidez, asteburuetan kendu duten zerbitzua martxan jarriko dute larunbat honetan bertan.

Hala ere, Leitzako Udaletik «ez dela nahikoa» adierazi dute, eta aldarrikapenekin jarraitzeko herritarren garrantzia azpimarratu dute. Horregatik, doako autobus bat antolatu dute astearterako, 14:00etan geltokitik abiatuko dena. Itzulia 17:00etan izanen da. Herritarrak parte hartzera animatu dituzte, aldarrikapenak Iruñera eramateko parlamentariak saioan bilduta daude bitartean. Astitz eta Maimurren jarri dituzte izena emateko zerrendak.

1.380 sinadura lortu dituzte dagoeneko, eta parte hartu nahi dutenek Astitz, Maimur edo www.change.org web orrian sinatu dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun