Katez taldea

«Apustu handia egin dugu disko honekin»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 23a, 15:00
Oinatz Mariezkurrena, Mikel Sagastibeltza, Markel Barriola, Unai Urkiola, Manex Moreno eta Julen Zeballosek osatzen dute taldea.

2012an sortu zuten sei leitzar gazte hauek KATEZ taldea. Aurten, hainbeste abesti eta kontzerturen ondotik, haien hirugarren diskoa kaleratu dute; Argiz Iluntzen. Ekainaren 26an emanen duten kontzertuan aurkeztuko dute haien azken lan hau, Leitzako plazan 22:00etan.

Nola definituko zenukete KATEZ?

Guretzat KATEZ txikitatik izan garen lagun-familia sentimendua da. Musikatik aparte elkarrekin pasatzen ditugun momentu guztiak bakarrak dira munduan.

Argiz iluntzen zuen azken lana atera duzue berriki. Noiz hasi zineten diskoa prestatzen?

2018-2019an hasi ginen prestatzen. Gure asmoa lan hau 2020. urtean aurkeztea zen, baina denok dakigun bezala, Covidak ekarri dituen arazo guztiekin... Argiz Iluntzen benetan merezi duen moduan erakutsi nahi genuen.

Nondik atera duzue inspirazioa?

Oso zaila da inspirazioa nondik ateratzen dugun esatea.  Elkarrekin gaudenean  barruan ditugun gauzak transmititzen saiatzen gara eta honek gure idatzietan esan nahi dugunera eramaten gaitu. Musikalki, hainbat erreferente ditugu; While she sleeps, Architecs, Beartoorh, Polaris, Biffy Clyro… asko entzuten ditugu.

Nolako harrera izaten ari da diskoa jendearen artean?

Apustu handia egin dugu lan honekin eta atera ditugun bideoklip, merchandising, sare sozialetako itxura aldaketa… jendeari asko gustatu zaiola nabaritu dugu.

Diskoa zuzenean aurkezteko aukerarik izan duzue?

Bai. Gernikako Astran aurkeztu genuen diskoa pasa den astean.

Larunbatean Leitzan joko duzue. Berezia izanen da zuentzat zuen herrian jotzea, ezta? 

Hurrengo geltokia... gure herria. Leitzako jendeari benetan merezi duten kontzertu bat erakutsi nahi diegu. KATEZ sortu genuenetik herritarrek elkartasun handia eman digute eta hori asko eskertzen dugu.

Nolakoa izan da taldearen bilakaera urteekin?

Esperientziak eta taldearen ekonomiak asko eragin du gure garapenean. KATEZ sortu zenean ikasle batzuk besterik ez ginen. Gaur egun gauza asko aldatu da eta taldeari profesionalitate puntu hori eman behar zitzaiola pentsatu genuen; bideoklipak, kontzertuak, alderdi teknikoa...

Bukatzeko, zerbait gehitu nahi al duzue?

AUPA ZUEK ETA OHOLTZAREN GAINEAN IKUSIKO DUGU ELKAR!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun