LHL erronkako Uriarte eta Gomez ostiralean aterako dira Linzatik

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 22a, 15:00
Egun handirako gogotik prestatzen aritu dira Iker Gomez eta Iraitz Uriarte.

Leitza herri inklusiboagoa lortzeko bidean, LHL egitasmoaren bueltan bildu den lantaldeak gogotik egin du lan azken hilabeteotan. Eta iritsi da kirol erronkarako ordua ere. Ostiralean Linzatik abiatu eta ekainaren 26an ailegatuko direla aurreikusi dute. Ikusi hemen ibilbidea.

LHL erronkari esker, aste emankorrak izan dituzte Leitzan eta tarte horretan, sentsibilizazio kanpaina sendoa egin eta elkartasun mezu ugari hartu dituzte, herri lan-sare indartsua sortu dute, plazarako sarbidea edonoren esku jartzea lortu dute, zebrabide koloretsuak margotu dituzte ikusgarriago egiteko, komertzioetan piktogramak jarri dituzte, antzerki solidario espaziala eta film laburrak ikusgai jarri dituzte, goi mailako kirolari buruzko mahai ingurua antolatu dute, inklusibitatearen mezua zabaltzeko murala margotu dute, udalak aniztasun funtzionala dutenentzako aparkalekuak margotu ditu...

Eta orain, kirol erronka da gelditzen dena. Gogotik entrenatu ondoren, Iraitz Uriarte eta Iker Gomez ostiralean, ekainaren 25ean abiatuko dira Linzatik. 12:00etan egina dute abiatzeko hitzordua, eta biharamunean, ekainaren 26an, arratsaldean, Leitzara iritsiko direla aurreikusi dute.

Bidean, ordea, zati batzuetan hainbat bidelagun izanen dituzte. Herriko gazte edo LHLko kideek bat eginen dute beraiekin korrika, eta aldarrikapenek ere izanen dute lekua. Kemen taldekoek aulki berezi batzuekin naturaz eta mendiaz gozatzeko aukera eskaintzen diote bestela ezin izanen lukeen jendeari, eta Artesiaga eta Belateko mendateen arteko zatia Gomez eta Uriarterekin batera eginen dute. Haiekin batera, Gorka Zubeldia alegiarra ere ondoan izanen dute, belaunetik behera hanka moztua du eta protesi batekin korrika egiten du. 

Kirol erronkaren ondoren, igandean, azken aldian saldu dituzten txartelen zozketa eginen dute. Hainbat lote banatuko dituzte.

Ikusi hemen ibilbidea

ABIATZEKO PUNTUA ABIATZEKO ORDUA HELMUGA PUNTUA HELMUGA ORDUA DISTANTZIA
Linza 12:00 Belaguako aterpea 16:30 23 km
Belaguako aterpea 17:00 Abodi 20:00 17 km
Abodi 20:45 Aezkoa 00:30 17 km
Aezkoa 00:30 Auritz 04:00 17,5 km
Auritz 04:00 Urkiaga 07:30 17,5 km
Urkiaga 08:00 Artesiaga 09:45 9,5 km
Artesiaga 10:30 Belate 13:00 10 km
Belate 13:30 Gorostieta 16:30 16 km
Gorostieta 16:30 Leitza 19:30 16 km

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun