GUTUNA: LHLren inguruan, nire ustez…

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 21a, 12:30

Herri inklusiboagoa lortzeko bidean Leitzan sortu den LHL egitasmoaren inguruan, iritzi artikulu hau idatzi du Mikel Illarregi Elberdinek.

LHL egitasmoaren inguruan, nire iritzia azal dezadan eskatu didatenean, hainbat arrazoirengatik zalantzak sortu zaizkit. Baina ez proiektu honen baliagarritasunaz; hori garbi baitut, garbi baitago. Bestelako zalantzak izan dira, besteak beste, beraiek lortu nahi dutena modu egokian edota erakargarrian azaltzea lortuko ote dudan baizik.

Ba horixe, zer nolako bilakaera izan duen kontuan hartuz, hau da; zer nolako asmoa zuten hasieran eta nolako bidea izaten ari den, oso balio handiko egitasmoa bihurtu dela esanen nuke, dudarik gabe. Bertan sortu diren ekimenak, guztiak ederrak, eta horietatik batzuk zoragarri izatera pasa direla garbi esan behar dut, nire ustetan behintzat.

Bi lasterkariek Mendi Erronka ekimenari aukera pertsonala eta era berean «alternatiboa» egin nahi izatea polita da. Baina ondoren hartu duen edo hobe esanda, hartzen ari den tamainak are ederragoa bihurtu du hitzordua.

Esan beharrik ez dago, baina aipatu gabe ezin utzi, kirol mailako erronka izatetik, helburu solidarioa izatera pasa denean, edo pasarazi dutenean, lasterketa handia edo ikaragarria izan arren, beste erritmo interesgarriagoa duen ibilbidea bihurtu dela ekimena.

Honen inguruan, aipatzeko moduko kontu bat baino gehiago bada, noski. Lehenik eta behin, hitz handiz idatzitako INKLUSIOA txertatu nahi izatea. Esanguratsua bihurtu du egitasmo guztia, eta ohiko balioetatik bereizteko balio izan duela argi gelditu da, ene pentsatzeko moduan behintzat. Lanbidez, maixue izanda, gogoan dut, hezkuntzaren inguruko eztabaidetan hitz hau gure eguneroko jardunean, ezinbestekotzat jotzea ikusi zen garaia. Honetan gorderik ez dut utziko txantxiku iturendarra den Mixel Gereka, bera izan baitzen bultzatzaile nagusia. Beno ba hori, zein hitz handia bezain garrantzitsua, hezkuntzan eta geure bizitzan, geure bizipenetan. Proiektu honetan, nahiz eta nire hitzetan izan, esanahi bertsuan txertatutako esaldi batekin lotzen dut; «Bizitza honetan helburua ez da denak berdinak izatea, denok, aukera berdinak izatea, baizik; baita ezberdinak izateko aukera ere». Honen inguruan, eta hori guztia nola ulertu behar den, nola interpretatzen dugun... Bide bakarra ez izan, filosofia sakoneko jarrera jasotzen da bere muinean.

Honetaz gain, aipagarria bezain txalogarria da, egituratzeko sortu den, sortu duten saretxoa, oraingoz, baina sare handia izanen dena, zalantzarik gabe. Taldetxo bat hasi zen; gurasoak eta hauen seme-alabak; baina guztiak, modu batean zein bestean, taldean eta egitasmoan funtzioren batekin. Txalogarria da, eta era berean, geure bizitzaren beste egoerekin modu konparagarrian jarriz gero, inbidiagarria. Hortxe ikusten dira, grabaketetan, muntaiak prestatzen, gonbidatuei harrera eginez, hainbat baliabide erabiliz informazioa zabaltzen… Hamaika lan, ehunka buruko-min, milaka kezka eta betebehar… Baina helburu handien pean, eta jende artean babesa bilatu nahian.

Hala ere, «hasierara» itzuliz, hortxe dira, kasik aipatu gabe izan ditudan bi kirolari 'erraldoi' horiek … Batek baino gehiagok apustu eginen du, iritsiko ote diren, nola iritsiko diren… Ni konbentziturik nago lortuko dutela, beraiek baitira honi guztiari hasiera eman diotenak. Eta edozein gertaera tarteko, iritsiko ez balira, bidea utzi eta herrira itzuliko dira txaloen berotasun berdina jasota. Munduak aurrera jarraituko du, baina bitartean bestelako helburuak lortzeko bidean jarri baditugu, 'mundu' hori hobeto joanen da.  Ibilbidea amaituta, hobeto, noski… Hala izan dadila!!! Animo guztioi, honek merezi du…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun