Leitzako udal ordezkariak parlamentura joanen dira ekainaren 29an garraio publiko duina aldarrikatzera

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 20a, 12:30
Ostiral arratsaldean Herri Aretoaren ataria ateratako argazki jeendetsua.

Leitza eta Leitzaldeko autobus zerbitzu eskasa eta urria hobetu asmoz, egoera salatu eta hainbat ekimen jarri ditu martxan Leitzako Udalak. Nafarroako Gobernuaren eskumena da garraio publikoaren zerbitzuak jartzea eta duela hiru urte aurkeztu zuten zerbitzu berriaren esleipena oraindik egin gabe du.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari arazoaren sakontasuna ikusarazteko helburuarekin sinadura bilketa abiatu zen ekainaren 11n eta, astebetean, 1.200etik gora sinadura bildu dituzte herriaren eta eskualde osoaren beharraren larritasuna argi utziz.

Horrekin batera, Leitzako Herri Aretoaren atariko autobus geltokira deitu zituzten herritarrak pasa den ostiralean, aldarri gisara argazki jendetsua ateratzeko.

Protestaren hurrengo pausua Nafarroako Parlamentuan izanen da ekainaren 29an, 15:15ean. Egun horretan, herritarrak Iruñera mugituko dira (ordu horretan joateko zerbitzurik ez dagoenez, alokatu behar izan den autobusean). Parlamentuaren udal ordezkariek arazo honi buruzko lan-saioa dute programatua eta, aldi berean, herritarrek kanpoaldean kontzentrazio bat eginen dute garraio publiko duinak aldarrikatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun