AIMAR SAGASTIBELTZA

«Luze gabe nire kirol ibilbidea bukatuko dela uste dut»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 19a, 12:00

Aimar SAGASTIBELTZA KABALLERO, Leitzako futbolaria

Sorterrian aurreneko baloi kolpeak eman zituenetik, Euskal Herrian eta kanpoan, zelai asko zapaldu ditu Sagastibeltzak. Aurten, berriz, Amorebietarekin Bigarren Mailara igotzea lortu du.

«Ametsa egia» bilakatuta borobildu du denboraldia Aimar Sagastibeltza Kaballerok (Leitza, 1984). Gehiago ere bada. 20 urtetik gorako futbol ibilbidean koska bat gora egin du Amorebieta taldearekin Bigarren Mailara igota, eta «poz ikaragarria» sentitzen duela dio, «hitzez esplikatzen erraza ez dena». 37 urte ate joka dituen honetan, badaki kirol ibilbidearen amaiera luze gabe etorriko zaiola, baina «horretan gehiegi pentsatu gabe» momentuko aukerari heldu nahi dio. Amorebietarekin bertze urtebeterako kontratua sinatua duela aprobetxatuz, heldu den denboraldian Bigarren Mailan gozatu nahi du. Hala dio «Leitza eta Eibarren artean bizi» den arren, bihotzez «oso leitzazalea» den atzelariak. 

Azken partida erabakigarrian, Badajozi irabazita, aurreikuspen guztiak gainditu zenituzten. Hura zen faborito baina...
Bai, Badajoz zen faborito eta oso-oso faborito gainera. Bigarren B Mailako talderik hoberena da, etxean bere publikoarekin ari zen, berdinketarekin aski zuen... Mailaz igotzeko ia dena bere alde zuen, baina kirola horrelakoa da, eta kasu honetan, zorionez, emaitza gure aldekoa izan zen.

«Sentitu nuena hitzekin esplikatzea ez da erraza»

Zer sentitu zenuen epaileak partida bukatutzat eman zuenean?
Sentitu nuena hitzekin esplikatzea ez da erraza. Mailaz igotzea gure ilusioa eta amets handi bat zen, eta egia bihurtu da. Nire kasuan, ibilbide luzea dut futbolean eta poz ikaragarria sentitu nuen; negarraldi ederra ere egin nuen... Oraindik ere, oilo-pikorra jartzen zait.

«Asteazkenero PCRak egin eta segurtasun neurriak oso zorrotz bete behar izan ditugu. Horrela ezin da berdin disfrutatu»

Nolako denboraldia izan da?
Gizarteko esparru guztietan bezala, kirolean ere oso denboraldi arraroa izan da. Ia denboraldi osoan publikorik gabe jokatu dugu eta partidek, askotan, entrenamenduen itxura izan dute. Asteazkenero PCRak egin eta segurtasun neurriak oso zorrotz bete behar izan ditugu. Horrela ezin da berdin disfrutatu, baina jokalarion artean oso giro berezia izan dugu eta ahal dugun neurrian disfrutatu dugu; are gehiago, denboraldia horrela bukatuta.

Taldea estreinakoz ariko da Bigarren Mailan. Zer aldatuko zaizue?
Alderdi guztietan aldaketak izanen dira. Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara pauso handia dago, bai ekonomikoki, baita kirol arloan ere. Hasteko, ezin izanen dugu Bigarren Mailako partidak etxeko zelaian, Urritxen, jokatu. Bigarren Mailan zelaien eskakizun asko izaten dira eta Amorebietako zelaiak ez dituela betetzen esan digute. Beste aukeraren bat bilatu beharko da. Gai asko daude zintzilik, baina jokalariak erabaki horietatik kanpo gaude. Klubaren ardura da.

Urte batzuk badituzu futbolean... Nola hasi zinen?
Leitzako areto futboleko taldean hasi nintzen, oso gaztetan. 15 urterekin Tolosara joan nintzen eta zazpi-zortzi denboraldi egin nituen. Gero urtebete egin nuen Beasainen eta handik Tarragonara joan nintzen. Pobla de Mafumet taldean eta Gimnasticen denboraldi bana egin nuen. Tarragonatik Teruelera joan nintzen eta hiru urte eman nituen. Eibarrera etorri nintzen gero eta urtebete egin nuen. Real Unionen bost denboraldi pasatu nituen eta handik Gernikara joan nintzen. Denboraldi bat egin dut Gernikan eta Amorebietan bi daramatzat. Beste baterako kontratua sinatua dut. 

«Azken bi taldeetan bezain gustura ez naiz inon ibili»

Zer eman dizu talde bakoitzak?
Talde bakoitzak bere ekarpena egin dit. Tolosako esperientzia, esaterako, oso inportantea izan zen. 15-18 urterekin ez nuen gida-baimenik, eta attek ia-ia egunero eraman behar izaten ninduen Tolosara, eta bueltan Leitzara ekarri. Ezin zuenean autobusean joaten nintzen. Nahi edo ez, esperientzia hark pertsona bezala hazten lagundu zidan. Etxetik kanpo, Tarragonan eta Teruelen bospasei urte pasatzea ere oso aberasgarria izan zen, nortasuna garatzen lagundu zidan. Talde asko pasatu ditut eta leku eta talde bakoitzak balore asko eman dizkit. Hala ere, azken bi taldeetan bezain gustura ez naiz inon ibili. Gernikan eta Amorebietan familia giroan sentitu naiz, egiazko lagunartean, eta horregatik, azken hiru denboraldi hauetan ikaragarri disfrutatzen ari naiz. 

Bi talde horiek dira gehien markatu zaituztenak?
Bai. 33-34 urterekin, nahiz eta Real Unionekin kontratua izan, atzeko atetik atera nintzen. Banuen jokatzeko gogoa eta maila banuela konbentzituta nengoen, baina adin batean sartuta, nire azken txanpa izanen zela ikusi nuen. Gernikak, ordea, atea ireki zidan eta kirol mailan gogorra izan bazen ere, maila pertsonalean oso urte aberasgarria izan zen. Gernikak eta Amorebietak asko markatu naute, baina batez ere Amorebietak, mailaz igotzea lortu dugulako.

Nolakoa da zure asteko martxa?
Lau egunez entrenamenduak izaten ditugu, asteburuan partida eta beste bi egun jai. Etxean, normalean, larunbatetan jokatzen dugu eta igandeak eta astearteak jai izaten ditugu. Etxetik kanpo jokatzean, berriz, askotan igandetan izaten dira partidak eta astearteak eta ostiralak dira gure jaiegunak. 

Futboletik bizitzeko aukera izan duzu. Zorteko sentitzen zara?
Bai, oso pozik eta oso harro nago. Gaur egun, ez da erraza kiroletik bizitzeko aukera izatea, eta nik 22 urte nituenetik, futboletik bizitzeko aukera izan dut. Azken bi taldeetan soldatak ttikiak izan dira, talde umilak baitira, baina gustuko dudana eginez bizitzeko aukera izan dut urte askotan, eta zorteko sentitzen naiz.

«Futbolean izan diren aldaketak gizartearen isla dira»

Zein aldaketa sumatu dituzu futbolean?
Asko aldatu da. Ekonomikoki oparoaldi handiko urteak izan ziren, eta estatu mailan Bigarren B Mailako eta Hirugarren Mailako taldeek diru asko eduki zuten garaiak izan ziren. Baina krisi ekonomiko gogorra etorri zenean, ehunka talde lur-jota gelditu ziren eta soldatak asko murriztu zituzten. Azken batean, futbolean izan diren aldaketak gizartearen isla dira. 

Eta jokoan?
Mantso-mantso aldatu da. Gero eta teknifikazio handiagoa dago. Gaur egun talde askok entrenatzeko GPSak eta teknologia aurreratuak erabiltzen dituzte, eta  duela 15 urte pentsaezina zen. Bestetik, orain dela 10-15 urte, fisikoa asko lantzen zen, korrika asko egiten zen, baina gaur egun metodologian asko aurreratu da eta lehengoak ez du zentzu handirik. Jokalarien artean ere bada aldea, orain askoz ere atletagoak dira, prestakuntza handiagoa dute eta informazio gehiago dute eskura, bai elikaduraz, bai prestakuntza fisikoaz, baita alderdi psikologikoaz ere. 

37 urte beteko dituzu aurten. Noiz arte segitzeko asmoa duzu?
Orain dela bizpahiru urte Real Unionen atzeko atetik atera nintzenetik izan ditudan aukera guztiak opariak izan dira. Datorren denboraldian behintzat jokatzeko asmoa dut eta nik uste hortxe bukatuko dela nire ibilbidea. Gero gerokoak. 37 urterekin jokatzeko aukera izatea meritu handia da. 

«Ez dakit hezkuntza edo futboleko entrenatzailearen bidea aukeratuko dudan...»

Gerora zein asmo dituzu?
Ikasketaz irakaslea naiz, Lehen Hezkuntzan Gorputz Hezkuntzako tituluduna, eta futboleko entrenatzaile izateko titulua ere badut. Ez dakit hezkuntza edo futboleko entrenatzailearen bidea aukeratuko dudan. Badakit erabakia hartzeko denbora gutxi falta zaidala, baina ez dut gehiegi pentsatzen.

Labur-labur

  • Zeure burua hitz gutxitan: Kirola asko maite duen euskalduna.
  • Zein afizio dituzu? Kirola, bertsolaritza, familiarekin, neska-lagunarekin eta lagunekin egotea, errekako arrantza, mendia...
  • Bizitzeko toki bat? Leitza.
  • Leitzako tokirik gustukoena? Erasoteko erreka.
  • Futbolari bat? Messi. 
  • Futbol talde bat? Bartzelona. 
  • Beste kirol bat? Pilota. 
  • Nora bidaiatuko zenuke? Kolonbiara.
  • Musika talde bat? Extremoduro.
  • Bertsolari bat? Maialen Lujanbio.
  • Hondartza ala mendia? Mendia. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun