Artile bilketa eginen dute Mendialdea Mankomunitatean ekain bukaeran

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 16a, 17:00

Abeltzaintzak «eskualdean duen garrantzi ikusita eta artzainek artilea kudeatzeko dituzten zailtasunak agerian», artilea behar bezala kudeatzeko bilketa eginen dute Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko abeltzainentzat.

Leitza eta Goizuetako garbigunetan jasoko da artilea eta Ecofert kudeatzaileari emanen zaio. Artzainek jarritako artile kilo kopuruen proportzioan ordaindu beharko dute zerbitzua, tratamendu eta garraio kostuaren arabera.

Goizuetan, bi astelehenetan eginen dute bilketa, ekainaren 21ean eta 28an, 12:30etik 16:30era. Leitzan berriz, astearte eta ostegunean ibiliko dira, ekainaren 22an 10:00etatik 16:30era eta ekainaren 24ean 15:30etik 19:00etara.

Artilea zakuetan eraman beharko dute artzainek, ez obretako saka handietan. Pisatuta eramatekotan, pisua adierazten duen tiketa ere ekarri beharko dute. Bestela, Mankomunitateak pisatuko du artilea garbigunean. Mankomunitateak bitartekari lana besterik ez du egingo, «artilea Hiri Hondaki Solidoa ez denez, ez du besterako eskumenik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun