Iker Karreraren ibilbidea hizpide duen liburua eta dokumentala aurkeztuko dituzte Leitzan ostegunean

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 15a, 15:07

Iker Karrera mendi lasterkariaren ibilbide luzea eta oparoa biltzen duen dokumentala eta liburua aurkeztuko dituzte ostegun honetan Leitzako Herri Aretoan. Euskal Herria Mendi Erronkak eta LHL erronkak antolatu dute hitzordua eta egunean bertan saltzen dituzten liburuen irabaziak LHL erronkara bideratuko dituzte.

Ostegunean, ekainaren 17an, alde batetik, Iker. Mendia. Etxea dokumentala ikusteko aukera izanen da eta bestetik, Iker Karrera, Bidea Ipar liburua aurkeztuko dute. Hitzordua 18:30ean Leitzako Herri Aretoan egina dute eta Iker Karrera eta liburua idatzi duen Unai Ugartemendia kazetaria ere bertan izanen dira.

Egunean bertan liburuak salgai jarriko dituzte eta bildutako dirua LHL erronkara bideratuko dutela jakinarazi dute. Bestelako ekarpenen bat egin nahi dutenek www.lhl.eus atarian egin dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun